Mithridates (berr)aurkituaz ohar argigarri batzuk

Gaur Diario de Navarra egunkariak artikulu hau argitaratu du: “Hallan en Italia un libro impreso en 1610 con cien palabras en euskera”. Albistea, besteak beste, Argia aldizkariak jaso du: “Euskal Herriaz mintzo den 1610. urteko liburu bat aurkitu dute Italian, euskarazko 100 hitzen zerrendarekin”. Bi artikuluetan adierazten denez, liburua Mintzoa argitaletxeak erosi du eta sare sozialetan iragarri du.

Hedabideetan eta sare sozialetan argitaratu den informazioan nahasmendu pixka bat sumatu dudanez, ohar hauek dakartzat, zenbait puntu argitu nahian:

Egileaz

Interesatzen zaiguna euskarazko pasarteak dakartzan zatia denez, galdera horretara mugatuko dut. Alegia, nork idatzi zituen euskarazko aitagurea eta hiztegitxoa dituen orrialde horiek? Haien egilea Kaspar Waser izan zen, eta ez Conrad Gessner. Horretaz konturatu da Xaverius:

Izan ere, Italian aurkitu duten liburuak bi zati ditu. Lehena Gessnerren Mithridates (Zürich, 1555) ezagunaren berrargitalpena da; hala ere, 86. orrian (ez orrialdean) Waserren testua hasten da, honako izenburu honekin: CASPARI | WASERI | Ad Mithridatem GESNERI | Libellus commentarius.

Hau da, Waserrek Mithridatesen testua iruzkintzen du, eta besteak beste Gessnerren testuan falta diren datuak gehitzen ditu. Hor sartzen dira, 134. orrian hasita, Gessnerren jatorrizko liburuan ez dauden euskarazko datuak, aitagurea eta hiztegitxoa.

Iturriez

Puntu honetara helduta, berehala datorkigu hurrengo galdera: nondik hartu zituen Waserrek euskal testu horiek?

Bat baino gehiago ohartu da (ez zen zaila) aitagurea Leizarragaren Testamentu Berrian datorrena dela. Zehazkiago –gehitzen dut– Mateoren ebanjelioko bertsioa (Mt 6:9-13), ez Lukasena (Lk 11:2-4), azken honek aldaera askotxo ditu eta.

Halaber, bada konturatu dena hiztegian agertzen diren bizkaierazko formak Lucio Marineo Siculorenean ere agertzen direla:

Alabaina, ez bata ez bestea ez ziren izan Waserren testuaren iturri zuzenak. Iturri zuzena, ezbairik gabe, Bonaventura Vulcanius humanista flandriarraren “Parergon, siue specimen cantabricae hoc est veteris vasconum linguae” dugu, De litteris et lingua Getarun, siue Gothorum liburuan agertzen dena (1597). Jakina, Vulcaniusen iturriak Leizarraga eta Siculo izan ziren.

Hona hemen, hurrenez hurren, Vulcaniusen eta Waserren liburuetako aitagureak:

 

 

 

 

 

Hitz zerrendari dagokionez, lagin bat baino ez dut hona ekarriko, baina erraz identifika daitezke hemen ere huts komunak, baita Waserrek egindako huts berriren bat ere:

Aurkitua ala berraurkitua?

Honenbestez, heldu da unea azken galderari erantzuteko. Liburua ezezaguna zen orain arte? Alde batetik, Diario de Navarrako artikuluan Aritz Otazuk azaltzen duenez, liburuaren aleak aurkitu daitezke munduko liburutegi handi batzuetan behintzat.

Artikuluan zerrendatzen direnez gain, Frantziako Liburutegi nazionalean bi ale daude, baina ez dituzte Gallican digitalizatu; bata plegu-zortzirena da eta bestea, plegu-hamaseirena. Aldiz, digitalizatuta eta denon eskura dago Baviera Estatuko Liburutegian dagoen alea, eta oso kalitate ona du, gainera. Hortik atera ditut artikulu honetan erabili ditudan Waserren liburuko irudiak.

Bestalde, oker ez banago, Vinsonek ez zuen bere bibliografian aipatu, baina euskalarien artean, gutxienez, Francisco J. Orozek aztertu zuen “Vicisitudes de un Padrenuestro en vasco en el siglo XVII” artikuluan (ASJU 1980), egileari “Waserus” deitu bazion ere. Azkenik, Josu Zulaikak jaso zuen “Breve panorámica de la lexicografía vasca anterior al Diccionario Trilingue de Larramendi (1745)” sintesi-lan bikainean (BSEHL 2016).

Eguneratzea (2020/06/04)

Liburuaren egilea Waser zela, eta ez Gessner, eta Orozek aztertutakoa zela Ekaitz Santaziliak adierazi zien Mintzoakoei Facebook-en, noiz eta orain dela astebete:

Bestalde, Argiak bere artikulua eguneratu du, sarrera honetan esandakoak aintzat harturik: “Euskal Herriaz mintzo den 1610. urteko liburu bat eskuratu dute Italian, euskarazko 100 hitzen zerrendarekin”.

Kategoria: Argitalpenak, Euskalaritzaren_historia, Euskara, Filologia, hiztegiak, Hiztegigintza, Liburuak. Gorde lotura.

7 erantzun Mithridates (berr)aurkituaz ohar argigarri batzuk-ri

  1. egilea: pep bru

    Bon dia Ricardo, disculpa que escriba erderaz, pero es que esta cuestión, desde que la vi ayer noche en un foro catalán, está acabando con mis neuronas 🙂
    Con tu artículo estoy aclarando varias cosas. Pero sigo con mi principal duda: qué es el libro que encontramos en Google books? lo miro lo remiro y creo que no es otro que han “descubierto” ahora..

    https://books.google.es/books?id=jjNQAAAAcAAJ&pg=PA135&lpg=PA135&dq=anaya+frater+gesner&source=bl&ots=mKLVPXav8Z&sig=ACfU3U1K-l8MRfJWloNAfPfCAU4H3B760w&hl=ca&sa=X&ved=2ahUKEwjB6ZqLu-bpAhVgBGMBHTXVC6oQ6AEwAHoECAoQAQ#v=onepage&q=anaya%20frater%20gesner&f=false

    • egilea: Ricardo Gómez

      Bon dia, Pep: Efectivamente, es el mismo libro. El que aparece en GoogleBooks es el ejemplar de la Biblioteca del Estado de Baviera que enlazo en la entrada del blog. Yo enlazo directamente con la biblioteca, pero esta tiene muchos libros digitalizados disponibles también en GoogleBooks, como el que tú mencionas.

      Por cierto, en GoogleBooks se pueden encontrar otros ejemplares digitalizados, como el de la Biblioteca Nacional Central de Florencia (https://books.google.es/books?id=LS4HTmU2mBoC) y el de la Universidad de Lausana (https://books.google.es/books?id=BKIPAAAAQAAJ).

      Vamos, que no han descubierto ningún libro, sino solamente otro ejemplar de ese libro.

  2. egilea: pep bru

    “no es otro que EL QUE han descubierto” esan (idatzi) nahi nuen

  3. egilea: pep bru

    Mila esker Ricardo, mis neuronas quedan más tranquilas (aunque a partir de ahora desconfiaran mucho más de lo que ya lo hacían de la prensa)

    No podía entender cómo se podía “descubrir un libro” que yo había consultado años atrás -casi me parecía que aquí había un “salto en el tiempo” 🙂

  4. egilea: Karlos Cid Abasolo

    Egiaztatu dudanez, Madrilgo Liburutegi Nazionalean 1610ko edizioaren lau ale daude, egiletzat Gesner hartuta Waser beharrean.

  5. egilea: garrett

    Bestalde, beitu zer bota omen duen Otazuk:

    «Incluso aparece la “tz” de mi nombre Aritz, cuando se pensaba que se había inventado hace cien años para unificar gramaticalmente el euskera porque antes estaba la ç. Hace 410 años ya escribieron con “tz”».

    Ezjakin bezain begilabur izan behar, Leizarragaren Gure Aita musturren aurrean edukita, hori esateko.

Iruzkinak itxiak daude.