Argitaratu berria: “El Vocabulario Pomier. Edición y estudio de un diccionario manuscrito anónimo euskera-español”

Gaur kaleratu argitaratu da Josu M. Zulaika eta biok idatzitako El Vocabulario Pomier. Edición y estudio de un diccionario manuscrito anónimo euskera-español liburua (ASJUren Gehigarriak 72, 2020).

Liburuak XVIII. mendeko euskara-gaztelania hiztegi baten edizioa eta azterketa biltzen ditu, sei urteko ikerketa luze bezain kitzikagarri bati amaiera (?) emanez.

Sarreran, eskuizkribuaren historiaz eta deskribapenaz idatzi dugu, hiztegiaren iturriaz eta datazioaz dihardugu, eta hiztegiaren azterketa lexikografikoa eta linguistikoa egin ditugu.

Eskuizkribuko testua oin-ohar argigarriz lagunduta argitaratzeaz gain, gaztelania-euskara alderantzizko hurrenkeran ere eman dugu; euskal hitz guztiak lematizatu ditugu, bakoitzaren gramatika-kategoria, adierak eta agerraldiak zehaztuz; azkenik, euskal hizkien (54 atzizki eta aurrizki baten) indize bat erantsi dugu.

Oraingoz liburua UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzuaren webgunean eros daiteke, baina espero dut laster liburudendetan ere eskuragarri egotea.

Eskerrak eman nahi dizkiet urte hauetan Pomier hiztegiaren alde ilunei argi pixka bat egiten lagundu diguten guztiei; baina, batez ere, eskerrik asko zuri, Josu, urte hauetan zurekin lan egitea sekulako gozamena izan delako eta pilo bat ikasteko aukera eman didazulako.

Kategoria: Argitalpenak, Euskalaritzaren_historia, Euskara, Euskararen_historia, Filologia, hiztegia, lexikografia, Liburuak, testu-kritika. Gorde lotura.

4 erantzun Argitaratu berria: “El Vocabulario Pomier. Edición y estudio de un diccionario manuscrito anónimo euskera-español”-ri

  1. egilea: Josu Zulaika

    Hainbeste miresten dudan gure hizkuntzaren ikerketa honetan bidaide izan zaitudan ikasle saiatua besterik ez naiz izan, plazer bat izan da.

  2. egilea: garrett

    Zergatik edizioa espainolez?

    • egilea: Ricardo Gómez

      Erantzuna “eta zergatik ez?” izan liteke, baina ez dezagun beste batzuen moduan jokatu. Zenbait arrazoi bildu dira liburua gaztelaniaz argitaratzeko erabakiaren alde, besteak beste:
      Pomier hiztegiari buruzko lehenengo lana (tamalez, oraindik argitaratu gabea) Josuk idatzi zuen, eta gaztelaniaz idatzi zuen.
      – Josu egilekideak ez daki euskaraz idazten (ondo irakurtzen du). Beraz, bion arteko elkarlana errazagoa eta eraginkorragoa izan da gaztelania erabilita.
      – Uste dugu gure liburua interesgarria izan daitekeela baita gaztelaniaren historiaz (bereziki lexikoaren historiaz eta hiztegigintzaren historiaz) arduratzen direnentzat ere.

  3. egilea: Julen

    Lan zinez interesgarria euskal lexikoaren historian interesa duen edozeinentzat, are gehiago kontuan harturik Larramendiren aurrekotzat jo daitekeela. Mila esker!

Iruzkinak itxiak daude.