2015 – Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua agertu da

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Gaur goizean, UPV/EHUko Letren Fakultatean izan den hitzaldian, Aziti Bihia elkarteko kideek iragarri dute Materraren Doctrina Christiana lanaren 1617ko lehen edizio orain arte galduaren ale bat aurkitu dutela. Alea Danimarkako Errege Bibliotekan dago.

Zorionak Aziti Bihia taldeko kideei! Euskal Filologian aurkikuntza garrantzitsua egin duzue.

Aziti Bihia elkarteak webgune bat prestatu du Materraren dotrinaren edizio eta azterketa lanak biltzeko:

Esteve Materraren Do(c)trina Christiana: edizioa eta azterketa

Hona UPV/EHUko Komunikazio Bulegoak aurkikuntzaren berri emateko argitaratu duen prentsa-oharraren testua:

Esteve Materrak 1617an argitaraturiko ‘Doctrina Christiana’ galduta egon da azken mendeetan eta erabat ezezaguna zen. Aziti Bihia elkarteak ale bat aurkitu du eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Letren Fakultatean, Gasteizen, aurkeztu du gaur: dagoeneko, argitaratzeko edizioa prestatzen ari dira, argitaratzeko asmoz.

Esteve Materrak idatzitako ‘Doctrina Christianak’ 1617an ikusi zuen argia, Bordelen. Horrela eman zitzaion hasiera euskal obra klasiko garrantzitsuenetan  -besteak beste, Pedro ‘Axular’ urdazubiarraren ‘Geron’- erabiliko zen euskalki literarioari (lapurtera klasikoa), mende zenbait beranduago euskara baturako eredu izanen zen horri.

Lapurtera klasikoaren opera prima hau euskaraz inprimaturiko lehen liburuetarik ere bada, haren aurretik hauek besterik ez ditugu: Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ (1545), Leizarragaren ‘Testamentu Berria’, ‘Kalendrera’ eta ‘ABCa’ (1571), Betolatza arabarraren dotrina elebiduna (1596), ‘Refranes y Sentencias’ errefrau bilduma (1596) eta Elsoren dotrina gaur egun galdu eta ezezaguna ditugula. Materrarenak harrera bikaina izan zuen eta frankotan berrargitaratu zuten, aldaketa sakonekin, ondorengo hamarkadetan. Edonola ere, zeharkako aipuen bidez lehen edizioa 1617koa zela Jakin arren, haren eduki eta itxura erabat ezezagunak izan dira garai guztietako irakurle eta ikertzaileentzat: Manuel Larramendik XVIII. mendean lehena ez beste edizio bat izan zuen eskuartean, Julien Vinsonek XIX. mende akabuan argitaratu zuen euskal klasikoen bibliografiak dagoeneko galdutzat zituen lehen edizioaren ale guztiak, eta garai modernoagoetan Materraren obraren inguruan egindako ikerketa guztien oinarria Oxforden gordetzen den 1623ko bigarren edizio aski moldatuaren eta zabalduaren ale bakarraren kopiak edo ondorengo edizio modernoak izan dira.

Esteve Materra: euskaraz ikasi zuen fraide kanpotarra
Ezer gutxi dakigu gehienetan ‘Materre’ abizen frantsestuaz aipatua izan den idazle frantziskotarraren bizitzari buruz. Kontrarreformaren une gorenean eta Inkisizioaren txingarren beroan Gaskoniatik Lapurdira bidali zuten, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko helburuz, eta Ipar Euskal Herrian eman zituen urte gutxietan, Saran, euskaraz ikasi zuen zinez erritmo bizian, dotrina euskara bikainean eta ziztu batean idazteraino.

Aziti Bihia: hilabeteak Materrarekin lanean
Aziti Bihia elkartea UPV/EHUko Letren Fakultatean doktoretza tesia prestatzen ari diren hainbat hizkuntzalari eta filologo gaztek eratu zuten duela bi urte. Elkarteko kide Borja Ariztimuñok, Udane Atutxak, Dorota Krajewskak, Urtzi Reguerok, Ekaitz Santaziliak, Oxel Uribe-Etxebarriak eta Eneko Zuloagak osatzen dute proiektuan lanean diharduen taldea. Proiektuak UPV/EHUko bi ikerketa talderen laguntza jaso du: Joseba A. Lakarrak zuzentzen duen Monumenta Linguae Vasconum eta Joaquín Gorrochateguiren gidaritzapeko Euskararen historia eta hizkuntzalaritza historiko-konparatua ikerketa taldeena. Gazteok duela hilabete batzuk hasi ziren ‘Dotrina Christianaren’ 1623ko bigarren edizio kritikoa prestatzen. Ikerketak, besteak beste, Oxfordeko Bodleian Libraryn gordetzen den ale original bakarra kontsultatzera eraman ditu ikerlariak, baita beste zenbait bibliotekatan barreiaturik dauden ondoko edizioen kopiak biltzera ere.

Dorota Krajewska taldekideak aurkitu zuen, bigarren edizioan lanean zebilela, Danimarkako Errege Bibliotekan 1617ko lehen edizioaren ale bat. Dagoeneko aski aitzinatua dute testuaren finkatze lana, ikerketa eta ondorengo edizioekiko konparaketa; gainera, orain arte Euskal Filologiaren alorrean bizirik egon diren hainbat zalantza eta eztabaida argitu ahal izateko datu baliagarriak lortu dituzte. Horietako batzuk gaur UPV/EHUko Letren Fakultatean egindako aurkezpenean argitu dituzte, eta horrekin batera, webgune bat ere abiarazi dute, besteak beste, testuen transkripzioak, oharrak eta orain arte egindako ikerketa guztia biltzen dituena, aurkitu berri duten obraren faksimileaz gain.

‘Materra: edizioa eta azterketa’ (https://sites.google.com/site/materraedizioa).

UPV/EHUko KOMUNIKAZIO BULEGOAk
editatutako informazioa

 

Hemen ere bai:

Jatorrizkoa: Lapurtera klasikoan idatzitako lehen euskal liburua agertu da

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia, testu-kritika, Urteurrenak. Gorde lotura.