2014 – Estibaliz Sasiolakoa, idazle ala kopiatzaile? Eztabaida Facebook-en

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Aste honetan eztabaida interesgarri bat piztu da Facebook-en, Idoia Aretxabaletak bere horman Bizenta Mogel baino euskal emakume idazle zaharrago bat bazela iradoki ondoren: Estibaliz Sasiolakoa.

Hari neuk erantzun nion Lazarragaren eskuizkribuaren amaieran “De la señora María Estívaliz de Sasiola” izenburupean agertzen diren poemak Sasiolakoak idatziak izatea ez zela aukera bakarra, haren koaderno batean bildutako inoren poemak ere izan zitezkeela.

Horri Ana Isabel Moralesen eta bion arteko eztabaida batek jarraitu dio, datu eta argudio ugariz hornitua. FiloBlogiaren irakurleen interesekoa izan daitekeelakoan eta haien iritzia gehitu dezaketelakoan, eztabaida hona aldatu dut, Idoiaren eta Anaren baimenarekin (eskerrik asko bioi!!). Facebook-en agertutako eztabaidaren ondoren, Ana Moralesen azken datu eta argudioei egindako nire erantzuna erantsi dut.

Idoia Aretxabaleta Oleaga Es una de las primeras escritoras en euskera

Ricardo Gómez Patri Urkizuk dioena gorabehera, ez da segurua Estibaliz Sasiolakoak poema horiek idatzi zituenik. Oso liteekeena da bere eskuizkribu batean egotea, bai, baina ez berak sortuak, berak kopiatuak baizik.

Idoia Aretxabaleta Oleaga Informazio hori Ana

Ana Morales Baina ZERGATIK suposatu behar da hori, Ricardo Gómez ? “De la señora Estibaliz de Sasiola” dio. Zergatik suposatu behar da kopiatuak direla? Gizon izena balitz zalantzan jarriko litzateke hain arin?

Ricardo Gómez Poema horietako gehienetan narratzailea gizonezko bat da, emakumezko batez maiteminduta. Garai hartan emakume batek halako poemak idaztea nekez. Izenburuko “de” jabetza moduan uler daiteke, beraz: “del cuaderno de la señora…”, alegia. Eta hortik kopiatu zituela esaten digu Lazarragak, hain zuzen.

Ricardo Gómez Gure edizioan ez dugu baztertzen Estibaliz Sasiolakoa poema horien egilea izatea, baina horretarako zailtasunak planteatzen ditugu, eta aukera bakarra ez dela ohartarazten dugu.

Ana Morales Ez nago ados, Ricardo Gómez, ez da “nekez” gertatzekoa ez emakume batek beste bati amodiozko poema bat idaztea ez emakume batek konbentzioz subjektu maskulinoa hartzea andre bati zuzendutako amodiozko poema bat idazteko. Adibideak badaude literaturan eta edukia izatea zalantzarako argudioa edo suposatzeko “del cuaderno de” guztiz ahula eta aurreritzizkoa iruditzen zait.

Ricardo Gómez Adibideak, oro har, “literaturan” egoteak ez du balio. XVI. mendeko adibideren bat ematen badidazu, non emakume batek idatzitako poema batean “ni poetikoa” gizonezko bat den eta emakume batekiko amodioaz mintzo den, gure argudioen ahultasuna onartuko dut.

Ana Morales ERRAZAGO: Gizonak gizonari, Shakespeare, XVI. Mendean. Emakumeak emakumeei: Katherine Philips, The English Sapho, XVII. Mendean

Ricardo Gómez Txe, txe, txe… galdera ez zen hori; galdera zen emakume batek idatzia eta “ni poetikoa” gizonezko bat izatea, emakume batekiko amodioaz ari dena. Emakumeen artekoa edo gizonen artekoa beste zerbait da, interesgarria baina beste zerbait.

Ricardo Gómez Bestalde, Ingalaterrako literaturaren historiaz ez dakit askorik, baina Espainiakoan (eta, zorionez edo zoritxarrez, tradizio horretakoa da gure Hegoaldeko literatura zaharra) XVI. mendeko emakume idazleak oso-oso gutxi dira (eta ez oso ondo kontsideratuak) eta XVII. mendean, aldiz, kopuruak ikaragarri gora egiten du eta “onartuagoak” dira, Teresa Jesusekoaren arrakastagatik besteak beste. Estibaliz Sasiolakoa, dirudienez, 1611n hil zen, 60 bat urte zituela.

Ana Morales Mary Shelton eta Margaret Douglass Devonshireko eskuizkribuan, XVI. mendean, ni poetikoa =gizona.

Ricardo Gómez Izenburuak pasako, mesedez, errazago aurkitzeko? http://en.wikibooks.org/wiki/The_Devonshire_Manuscript

Ana Morales Tarte pixka bat hartu dut eta… liburu bat idatzi dut gai honetaz. Barka nazazu, arren, Ricardo Gómez ! Hona hemen (facebookek plasta izateagatik kontua ixten ez badit):

Ana Morales 1. «XVI. mendean emakume idazle gutxi egon ziren…»

Oso gutxi… Mmmm… Eta hori hala balitz ere, zertan da hori argudio bat poemok Sasiolarenak izatearen kontra? ¿Hubo pocas, luego no pudo haber ninguna? Edozelan ere, egon ziren, bai, eta agian uste baino dexente gehiago, azken hamarkadako espezialistek egindako ikerketek erakutsi diguten legez. Emakumeak letradun izan diren toki guztietan emakume idazleak egon dira beti, haien lana gutxietsi, ezkutatu, disolbatu edo isildu arren. Gutunak, egunerokoak, otoitzak eta erlijio idatziez gain, filosofia, poesia, nobela eta antzerkia ere idatzi dute. Ikertuenak, oraingoz, ingelesez idatzi zutenak dira. Hona hemen Pennsylvaniako Unibertsitateko Liburutegiaren zerrenda bat, Europako hainbat herrialdetako XVI. mendeko emakume idazleena: http://digital.library.upenn.edu/…/_gene…/1501-1600.html

2. «…eta ez oso estimatua».

Barre egin dut hau irakurri dudanean. (Ez, gezurra: sutan jarri naiz. Gogoratu dut Virginia Woolfek Desmond MacCarthyrekin izandako polemika The Statesman egunkarian). Noren arabera estimatua? Nork ezarritako kanonaren arabera? Edozelan ere, hori ere ez da egia. Emakume idazleen artean batzuk «ontzat» jo izan dira kanonik kanonikoenaren arabera eta beste batzuk «txartzat», gizonak bezalaxe. Bestalde, poesiaren ontasuna edo txartasuna ez litzateke argudioa izan beharko Sasiolaren balizko autoretza atoan baztertzeko. Lazarragak estimatzen zituen poemok, ergo ezin dira emakume batenak izan?

Bestetik, tradizio espainolari lotu beharra aipatu duzunez gero (honetara berriro itzuliko naiz gero), eta XVI. mendera mugatuz (lehenagokoak ere aipa nitzakeen arren: Isabel deVillena, Florencia Pinar…), gogora nitzake (betiko lez Teresa de Jesus bakarrik ez aipatzeko), ba, Luisa Sigea, Beatriz Galindo, Catalina de Zuniga, Luisa Medrano, Isabel de Vega…
Datu base oso interesgarri bat dago hemen, XIX. mendera arteko emakume idazle «espainolena» (gaztelaniaz edo Espainiako beste hizkuntzez): http://www.bieses.net/

Isabel de Vega aipatu dudala, gogora datorkit, «ez oso estimatua» delako horren inguruan, Karlos V.aren heriotzaren kariaz Vegak soneto bat idatzi zuela, eta enperadorearen ilobak, printzeak, hura irakurri eta esan omen zuela ezinezkoa zela hura emakume batek idatzi izana, hain iruditzen zitzaion bikaina. Vegak grazia (eta pazientzia) handiz, poema luze eta oso dotore bat idatzi zion, barkamena eskatzeko soneto on hura idazten ausartzeagatik («Muy alto y muy poderoso/nuestro Príncipe señor…»).

3. «Gizonezko ni poetikoa…».

Bestalde, atzo esan nuen bezala, adibiderik badago –ez bakarrik Europako Errenazimenduko literaturan, baizik eta lehenagokoan eta geroagokoan ere–, genero bereko hartzaileei amodio poemak idatzi dizkieten autoreenak, gizon nahiz emakume. Lehen aipatu dut Florencia Pinar, XV. Mendekoa. Hona hemen haren poema bat, maskulinoan idatzia:

Cuidado nuevo venido
me da de nueva manera
pena la más verdadera
que jamás yo he padecido.

Yo ardo sin ser quemado
en bivas llamas de amor,
peno sin aver dolor,
muero sin ser visitado
de quien por beldad vençido
me tiene so su bandera.
jO mi pena postrimera,
secreto fuego ençendido!

Egia esan, orain eztabaidatzen ari garenerako guztiz berdin zait joera pertsonalagatik edo konbentzio literario hutsagatik den, hau da «komentzimenduz» ala «konbentzioz» egin duten, eredu literarioen imitazio hutsagatik (horrek ez luke harritzeko ezer). Adibide bat, literatura espainolekoa, Isabel de Vegak berak ematen digu. Osorik kopiatuko dut:

Si pudiese con la vida
recobrarse el bien perdido,
yo la doy por bien perdida,
que el morir no es a medida
del dolor que he padecido;
y pues veros apartar
fue causa de mis enojos,
pues no queda que mirar
ni lágrimas que llorar,
nunca más vean mis ojos
.
¿Qué puedo ya ver, SEÑORA
habiéndote visto en mí?
que el que te vido
y te adora
no puede vivir un hora
más que cuando vive en ti
mas pues que con mis gemidos
no puedo ya detener,
no se acabe el padecer,
ni suenen a mis oídos
cosas que les den placer
.
Cuando me atormenta amor
con temor, ausencia y muerte,
tengo yo por buena suerte
vivir con tanto dolor
a trueque de esperar verte;
pero porque de sufrir
no se canse el padecer,
finge mi mal un placer
qu’ es imposible sentir
hasta tornaros a ver
.
4. Tradizio espainolaren barruan…
Argumentu hau ere oso ahula iruditzen zait. Nik aipatu nituen adibideak ingelesak zirelako baztertzekoak al dira? Nik ez nuen argudiatu euskal emakume errenazentista baten balizko autoretza (eta emakume bati zuzendutako amodio poemen autoretza) idazle ingelesen eragin zuzenean oinarritu behar zenik! (Eta, dena dela, balizko eraginok ez dira ikertu, ez dago arrazoirik baztertzeko: jende ikasia zen, atzerriko hizkuntzak jakitea ez zen harrigarria izango). Kontinente berean eta kultur giro berean gertatutako kasuak besterik ez dira. Kultur jende hau guztia, bai Henry VIII. aren gortekoa, bai Frantziakoa eta bai Espainiakoa, Europa osoa bezala, korronte handi baten eraginpean zeuden, Errenazimenduarenean. Denak ziren petrarkistak eta denek edaten zuten iturri berberetatik (ikertu beharreko balizko eragin zuzenagoak alde batera utzita).

5. Azkenik, gehiago ez luzatzeko: Lazarraragaren izkribuan hiru poema horiek beste esku batez idatzita daude, eta Lazarragak dio: De la Señora Mª Estibaliz de Sasiola.

Emakume honek, beraz, bazekien idazten; bazekien irakurtzen; poesia maite zuen, poesia laiko errenazentista, zehazki; eta poemak partekatzen zituen bere lagun errenazentista Joanes Lazarragarekin (beraz, bazuten gutxieneko girotxo literario bat). Eta Lazarragak De la Señora Mª Estibaliz de Sasiola dioenean guk «de» ikusi eta suposatu behar dugu «del cuaderno de» dela, eta Sasiolari gehienez kopista kategoria ametitu????? Eta zergatik ez diogu suposatuko gauza bera Joanes Lazarragari? Agian denak kopiatu edo moldatu zituen. Azken batez, Errenazimenduko kantutegiak enpresa kolektibo eta kolaboratiboak izaten ziren, eta imitazioan eta berridazketan oinarritzen ziren, Devonshireko eskuizkribuarekin ikusten den legetxe (BTW, hemen lehen edizio inprimatua, Heale-rena, 2012koa: http://www.amazon.com/Devonshire-Manuscript…/dp/0772721289 hemen horren erreseina bat http://appositions.blogspot.com.es/…/jane-donawerth… ).

Baina larregi idatzi dut dagoeneko, eta hementxe amaitu behar dut.

Ricardo Gómez Bai, horixe! Liburu bat ez, baina artikulu ederra geratu zaizu eta datu interesgarriz betea. Berriz lasaiago irakurriko dut, lehen irakurraldi batean gauza batzuekin ados nagoelako eta beste batzuekin ez. Ea bihar erantzuteko tarte bat hartzen dudan. Gabon pasa!

Hona nire erantzuna. Hasteko, eta zertaz ari garen garbi uzteko asmoz, hemen dago gure edizioan Estibaliz Sasiolakoaren poemen sarreran idatzi duguna. Gero, Ana Moralesen testuko puntu batzuei banan-banan erantzungo diet.

1204-1205 deitu ditugun orriak eskuizkribuan ez daude zenbakituta, erditik tolesturiko aparteko plegu bat baita, paper desberdinezkoa. Honen aurretik bada paper-puska bat, ziur aski pleguaren azala zena.

Paper, tinta eta idaztankera desberdina izan arren, esango genuke Lazarragaren eskuz idatziak direla orrialde hauek ere (eta are poemak amaitu ondoren geratu diren zuriuneetan idatzi diren monogramak eta horien azalpenak ere). “De la señora María Estívaliz de Sasiola” izen orokorra dute, eta, izenburu horren arabera, Patri Urkizuk (2005) interpretatu du Maria Estibaliz Sasiola (Deba, a. 1550 – 1611) andereak idatziak direla; ezin da hipotesi hori baztertu, jakina, beti ere onarturik Lazarragak kopiatu dituela hona, beste nonbaitetik harturik. Edozein kasutan ere, ni poetikoa gizonezkoa da (eta ez emakumea), zalantzarik gabe, B27, B29, B30, B31 eta B33 poemetan.

Izenburua ulertzeko beste era batzuk ere badira, jakina: adibidez, Maria Estibaliz Sasiolaren propietateko dokumenturen batetik kopiatuak izatea, berak idatziak izan nahiz ez. Nolanahi ere, badirudi beste nonbaitetik kopiatuak direla, horrela bakarrik ulertzen baita, esaterako, inolako bereizketarik gabe idatziak izatea, segida bakarrean, gure ustez erabat burujabe diren poemak: hiru poema balira bezala agertzen dira (eta hala argitaratu zituen Urkizuk 2004an), gure ustez, edukia, errimak eta ezaugarri metrikoak kontuan hartuta, zortzi liratekeenak: gure B26-B30 poemak bakarra balira bezala agertzen dira, B31rekin ez dago zalantzarik, eta gure B32-B33 ere bakarra balitz bezala agertzen dira.

Poema hauetako batzuek itxura fragmentarioa dute.

1. “Edozelan ere, [emakume idazleak] egon ziren, bai, eta agian uste baino dexente gehiago

Ados, egon ziren (inork ez du ukatu), baina jarraitzen dut pentsatzen XVI. mendean oso gutxi izan zirela, zuk zeuk eskainitako zerrenda bera lekuko: kontuak ondo egin baditut, 1501-1600 urteen artean 231 emakume idazle ezagutzen dira, gehien-gehienak britaniarrak eta italiarrak.

Gauza segurua da zerrenda horretan izenak falta direla eta, batik bat, emakume idazle asko oraingoz ez ditugula ezagutzen, dela haien obra galdu delako, izenik gabe edo beste izen batekin sinatu zutelako, etab.

Hala ere, jarraitzen dut pentsatzen oso gutxi izan zirela. Nolanahi ere, horrek ez luke Sasiolakoaren egiletasuna ezinezko bihurtuko, baina bai probabilitate kalkulu baten arabera zailago bihurtuko, ezta? Berriz diot guk ez dugula Sasiolakoaren egiletasuna ukatu.

2. “…eta ez oso estimatua

Hori esan nuenean, garai hartan ez oso estimatua esan nahi nuen eta, jakina, garai hartako (gizonezko letratuen) kanonaren arabera ez oso estimatua. Berriz ere, zuk aipatutako pasadizoak ederki erakusten du diodana: Karlos V.aren ilobak Isabel de Vegaren sonetoa irakurtzean, bikaina iruditu bazitzaion eta esan omen bazuen “ezinezkoa zela hura emakume batek idatzi izana”, hortxe dugu emakumeek idatzitako literatura garai hartan gutxi estimatzen zelako erakusgarri bat. Gizonezko batek idatzi balu, ez zuen esango “ezinezkoa da gizon batek idatzi izana”, ezta?

Bide batez, Lazarragaren gustu eta sen poetikoa ez nuke erabiliko inoren lana ontzat ala txartzat hartzeko…

3. “Gizonezko ni poetikoa…”

Isabel de Vegaren poema erabakigarria iruditzen zait, eskatu nizunaren oso adibide argia. Mila esker!

4. “Tradizio espainolaren barruan…

Ziurrenik, zu baino ezkorragoa naiz kontu horretan. Egia da Lazarragaren eskuizkribu osoan osagai kultuak eta herrikoiak erabiltzen direla, sarri biak nahasian (horretaz J.A. Cidek artikulu bikain bat  idatzi du [PDF]). Hala ere, Cidek berak dioenez, iturriak XV. mendeko kantutegietatik hurbilago daude, Italiatik zetozen aire berrietatik baino.

5. “Eta zergatik ez diogu suposatuko gauza bera Joanes Lazarragari? Agian denak kopiatu edo moldatu zituen”

Oraingoan, izatekotan, zurea da aurreiritzia. Guk geure edizio-lana hastean zalantzan (“zalantza metodikoan”) jarri genuen Lazarragaren egiletasuna (Sasiolakoarenarekin egin bezala), eta gaur egun esan dezakegu gauzak argixeago ditugula, nahiz eta zenbait poemaz erabateko ziurtasunik ez izan. Ordu batzuk sartu ditugu gai horiek ikertuz, ez pentsa. Goazen, errazenetik hasita!:

a. Orrialde batzuetako ertzetan erantsitako zenbait poema argi eta garbi ez dira Lazarragaren eskukoak. B1, B6 eta B10 poemak Martin Lopez Bikuñaren eskukoak dira, baina ziurrenik ez berak sortuak; Lopez Bikuña erdialfabetatua izateaz gain, B1 eta B6 poemak herrikoiak bide dira eta erdarazko B10-aren iturria ezagutzen dugu. Bestalde, B18 poema Filipe Ruiz Ibarretaren eskukoa da. Bi izen horiek lortu ditugu eskuizkribuaren zenbait tokitan haien izenpeak daudelako, eta letrak erkatu ditugu.

b. Poema batzuk Lazarragak sortuak direla uste dugu, haien izenburuetan “conpuesto por Laçarraga” edo antzeko zerbait agertzen delako. Horrelakoak dira, adibidez, A10, A15, A18, A20, A22, A26 eta A28. Egia da, baina, B25 poeman ere “conpuestos por Laçarraga” datorrela eta iturri ezagun baten hasiera kopiatzen du.

c. Beste batzuetan Lazarragaren bizitzaren elementuak daude eta, beraz, horiek ere Lazarragak ondu zituela uste dugu: A24 eta A27 lirateke horrelakoak.

d. Badira poema batzuk iturri ezaguna dutenak eta, beraz, Lazarragak kopiatuak edo moldatuak dira, osorik edo zatika: euskaraz A8, A25 eta B15, eta erdaraz B7 (horietaz interesa duenak, jo beza honetara).

d. Gainerako poemetan eta artzain-liburuan Lazarragaren egiletasuna ezin da ehuneko ehunean ziurtatu; hala ere, batasun linguistiko eta estilistikoak horren alde garamatza, baina –berriz diot– erabateko ziurtasunik gabe.

Jatorrizkoa eta erantzunak: Estibaliz Sasiolakoa, idazle ala kopiatzaile? Eztabaida Facebook-en

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Facebook, Filologia, lazarraga, Literatura, Urteurrenak. Gorde lotura.