2012 – Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (1 eta 2)

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (1)

Gaur bete da Cadizko konstituzioaren 200. urteurrena, 18021812ko San Jose egunean aldarrikatu baitzen La Pepa, Espainiako lehenengo konstituziotzat hartu ohi dena (1808ko Baionako konstituzioa edo estatutua maizegi ahaztu ohi da).

Joseba Agirreazkuenagak berriki azaldu dizkigu Cadizko konstituzioa Hego Euskal Herrian onartzeko egon ziren gorabeherak. Onartu zen ala ez alde batera utzita, nire sarrera honen helburua bestelakoa da: La Pepak hurrengo urteetan euskarazko testuetan utzi zituen lekukotasun batzuk aurkeztea.

Jakina denez, Cadizko konstituzioa denbora laburrean egon zen indarrean, eta hiru alditan banatu zen haren iraunaldia (1812-1814, 1820-1823 eta 1836-1837). Ezagutzen ditudan euskal testu guztiak bigarren aldiari dagozkio, 1820-1823 bitarteko hirurteko liberalari alegia.

Guztira lau testu dira. Gaurko sarreran lehenengo bi testuak aurkeztuko ditut, hurrengo baterako utziz behean aipatzen ditudan beste biak.

1. Jaquin-bide Iritarautia Españiaco Neurquidaren edo Constitucio berriaren erara adrezatua Erritarren arguidoraraco, gazteen icasbideraco, eta Escola-maisuen usoraco. Erderatic Eusquerara itzuli du Apez Vicario Dr.D.J.F.A. Guipuztarrac. 1820n urtean

Cadizko konstituzioa herritarrei azaltzeko idatzi zen liburuxka baten euskarazko itzulpena da, Jose Feliz Amundarain apaiz zegamarrak 1820an egina. Eskuizkribuak 55 orri ditu. Migel Zumalakarregi orduko Auzitegi Goreneko kideari —eta Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren anaiari— egindako eskaintza batekin hasten da eta, gero, testua galde-erantzunetan antolatuta dago, katexima baten modura, antza denez umeei eskolan konstituzioa azaltzeko (Urrutia eta Gallastegi 2001: 408).

Juan San Martinek eman zuen euskarazko eskuizkribuaren berri, 1987an Euskera aldizkarian argitaratutako artikulu batean, eta Angel Ibisatek euskarazko itzultzailearen izena eta gaztelaniazko iturria identifikatu zituen artikulu banatan (Ibisate 1992 eta 1994).

Ararteko zelarik, San Martinek eskuizkribuaren argitalpen faksimile bat atera zuen eta, Egan aldizkariko 1998ko artikulu batean, San Martinek egileari buruzko zertzelada batzuk erantsi zituen.

1998ko urte horretan bertan Jose Feliz Amundarainen biografia ondo dokumentatu batek Gerriko saria irabazi zuen eta katexima politikoaren itzultzaileari buruzko informazio ugari eskaini zuen (Idiakez et al. 1998).

Amundarainen lan honetan, hizpide ditudan gainerakoetan bezala, oso nabarmena da Larramendiren eragina, batik bat hiztegi juridikoari dagokionez, Urrutiak eta Gallastegik (2008) aztertu duten bezala. Ezin zen bestela izan, artean Larramendiren hiztegia baitzen halako gai jaso bati buruz euskal lexikoa aurkitzeko iturri bakarra.

ETBko gaurko albistegietan Jaquin-bide Iritarautia aipatu dute, nahiz eta Cadizko konstituzioaren “itzulpena edo egokitzapena” dela esan duten (gaztelaniazko Teleberrin “traducción”, zuzen-zuzenean).

2. 1820ko araudi baten euskarazko itzulpena

Nik dakidala, testu hau ez da oraindik osorik argitaratu. Andres Urrutiak eta César Gallastegik eman zuten ezagutzera 2001ean Euskaltzaindiaren XV. biltzarrean (Urrutia & Gallastegi 2008: 408) eta geroago Gallastegik berak aipatzen du beste lan batean (Gallastegi 2004: 41).

Jose Feliz Amundarain da bigarren testu honen egilea ere. Urrutiak eta Gallastegik diotenez, Hego Euskal Herrian euskarara itzulitako lehenengo lege testu osoa da, 82 artikuluz osatua.

Felipe VII.a erregeak 1820ko udan ateratako arautegi hartan Penintsulan eta inguruko uharteetan miliziak herriz herri sortzea agintzen zen, baita 18 urtetik 50 urte bitarteko gizon guztiek milizia horietan zerbitzatu behar zutela ere.

3. Españiaco uritar constitucionalen Cartilla civilla (Tolosa, 1820)

4. Cadizko konstituzioaren aldeko sermoi politikoa (1820, apud Gallastegi 2004)

Bibliografia:

  • [Amundarain, Jose Feliz], 1991, Jaquin-bide Iritarautia Españiaco Neurquidaren edo Constitucio berriaren erara adrezatua, Erritarren arguidoraraco, Gazteen icas bideraco, eta Escola-maisuen usoraco. Erderatic Eusquerara itzuli du Apez Vicario Dr.D.J.F.A. Guipuztarrac. 1820. urtean, Vitoria-Gasteiz: Ararteko & Eusko Legebiltzarra-Parlamento Vasco. [Argit. faksim.]
  • Gallastegi, César, 2004, “Cadizko Konstituzioaren aldeko sermoia euskaraz” [PDF], Karmel 2004-1, 39-58.
  • Ibisate Lozares, Angel, 1992, “El original castellano del Jaquinbide Iritarautia del Dr. D. J. F. A”, Scriptorium victoriense 39:1, 222-227.
  • Ibisate Lozares, Angel, 1994, “El doctor Don José Feliz Amundaraín (Cegama 1755-Mutiloa 1825), autor del Jaquinbide Iritarautia (1820)”, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 50:1, 159-169.
  • Idiakez, Antton, Pello Aranburu, Marian Bidegain eta Iñaki
    Rezola, 1998, Jose Felix Amundarain Muxika (Zegama, 1755-Mutiloa, 1825), Goierriko Euskal idazle ezezaguna, Lazkao: Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea.
  • San Martin, Juan, 1987, “Cadizko konstituzioa euskaraz 1820”, Euskera 32:2, 393-397. [PDF]
  • San Martin, Juan, 1998, “Dr. D. Jose Feliz Amundarain Mujika eta Cadiz-ko Konstituzio euskaratuaz zenbait ohar”, Egan 1998:3, 242-244.
  • Urrutia, Andres eta César Gallastegi, 2008, “Euskarazko lexikogintza juridiko-administratiboa: Larramendiren eragina” [PDF], in Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra (Iker 19), Bilbo & Baiona: Euskaltzaindia, 399-469.

Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (eta 2)

Orain dela zenbait aste argitaratu nuen artikuluaren jarraipena da hau, La Pepak euskarazko testuetan utzi zituen lekukotasun batzuk aurkezteko asmoz idatzia. Hona aurrekoan aipatu besterik ez nituen bi testuen aurkezpena eta “bola estra” bat:

3. Españiaco uritar constitucionalen Cartilla civilla (Tolosa, 1820)

Liburuxka hau Tolosan “moldizquidatu” zen “Juan Manuel la Lamaren echean” 1820an, hirurteko liberalaren hasieran, Cadizko Konstituzioa gipuzkoarrei azaltzeko. Jaquin-bide Iritarautia bezala, testu hau ere galde-erantzunen bidez antolatuta dago. Gallastegik (2004: 41) jakinarazten du “Gipuzkoako Aldundiak, 1820ko azaroaren 14ko zirkularren bidez, liburutxoaren berri eman eta haren erabilera gomendatu” zuela.

1989an izan nuen testuaren berri, Bonaparte printzearen liburutegiaren katalogoa aztertzen ari nintzelarik. Katalogoaren 51. orrialdean agertzen da, 1029 zenbakia duela, honako ohar honekin: “A political catechism in Spanish and Basque”.

Hurrengo urtean liburuxka transkribatu nuen eta Klasikoen gordailuaren aurrekaria zen Euskal testuen gordailura bidali nuen; han argitaratu zen lehenik eta Klasikoen gordailuan gero. Tamalez, webgune horren argitaratze irizpideengatik euskarazko testua baino ez zen sareratu, aldamenean dagoen jatorrizko gaztelaniazkoa baztertuz.

2003an Hiria argitaletxeak liburuxkaren argitalpena kaleratu zuen, Españiako uritar konstituzionalen kartilla zibila izenburuarekin; ez dut ikusterik izan. Gallastegik dio (2004: 41, 5. oh.) euskarazko zatiaren transkripzioa dela, baina lerro batzuk gorago Klasikoen gordailukoa elebiduna dela dio; baliteke bi baieztapenak trukatuta egotea.

Gallastegiren (2003) iritziz, bi hauetako bat izan zitekeen liburuxkaren euskarazko bertsioaren egilea:

  • Batetik, liburuxkaren argitalpena ordaindu zuen eta Gipuzkoako Diputazioari eskaini zion “Manzanares hiritarra”.
  • Bestetik, bigarren aukera Juan Ignazio Urretabizkaia “Urreta” Amezketako orduko erretorea da. Izan ere, 1897ko abenduaren 17an La Voz de Guipúzcoa egunkarian honako hau irakurtzen da: “Urreta fue autor de un catecismo liberal, única obra en su género que se ha escrito en el vigoroso idioma euskaro” (apud Gallastegi 2003: 202).

4. Cadizko konstituzioaren aldeko sermoi politikoa (1821)

César Gallastegik ezagutarazi eta argitaratu zuen 2004ko artikuluan. Bertan dioenez, 1820an Espainiako Gorteek erabaki zuten erretoreek igande eta jaiegunetan pulpitutik konstituzioa azaldu eta haren abantailak aldeztu behar zituztela. Horrek orduko apaizen jarrera desberdinak sorrarazi zituen: batzuk liberalekin zein absolutistekin ondo konpontzen saiatu ziren; beste batzuek konstituzioaren aurkako jarrera argia adierazi zuten, eta azken talde batek monarkia konstituzionala onartu zuen.

Antza denez, Gipuzkoako apaizen artean nagusi izan ziren lehenengo bi taldekoak. Aldiz, euskarazko sermoi politikoaren egilea zinez liberalak ziren salbuespenetarikoa zen. Martin Galarraga omen da sermoiaren egilea. Galarraga apaiza Manuel Jose Zavala Villafuertesko kondearen maisua eta haren ondasunen administratzailea izan zen. Gallastegik dioskunez (2004: 46), “Kondeak XIX. mende hasierako Gipuzkoan kargu politiko garrantzitsuenak izan zituen, bai foru sistemaren barruan, bai sistema politiko berrian”. Hirurteko liberala amaitu ondoren, Martin Galarragak jazarpen politikoa jaso zuen liberala izateagatik.

Jakina, pulpituan predikatzeko testua izanik, ez dugu aurkitzen gainerako testuetan dauden Larramendiren hiztegitik hartutako hitz berririk; izan ere, sermoiaren entzule gehienek nekez ulertuko zituzten.

Sermoiaren eskuizkribua Donostian dago, Archivo de la Casa Zabala agiritegi pribatuan. Borja Aginagaldek prestatu zuen agiritegiaren katalogoa eta gaur egun eskuragarri dago EASN Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionalaren BADATOR bilatzailean.

Bestalde, arestian abian jarri den DOKUKLIK-ek eskuizkribuaren digitalizazioa jarri digu eskura:

5. “Bola estra”: Luis Borboikoaren Artzain gutuna (1820)

Aurreko mezua argitaratzean, aipatu gabe utzi nuen Luis Borboikoa kardinal liberalak 1820an inprimarazi zuen Artzain gutuna eta haren euskarazko bertsioa, Bizenta Mogelek itzulia eta urte berean Bilbon inprimatua.

Bonaparte printzeak ale bat zuen eta bere katalogoan agertzen da, 878 zenbakiarekin. Geroago, Julio Urkixok (1934) eman zuen ezagutzera eta Xabier Altzibarrek (1992) osorik argitaratu zuen.

Bibliografia:

Jatorrizkoak eta erantzunak:

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia, testuak, Urteurrenak. Gorde lotura.