2011 – Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Atzoko hedabideetan eta sarean erruz azaldu zenez, Codex Calixtinus XII. mendeko eskuizkribu irudiztatua lapurtu dute Santiagoko katedralean.

Ezbairik gabe, kodizearen balioa ikaragarria da eta bertan idatzita dagoen Liber Sancti Iacobi ‘Done Jakueren liburua’ izeneko obra garrantzi handikoa da Erdi Aroko literatura, musika eta historiarako. Horregatik, haren lapurreta oso berri txarra izan da (ez dakit baten batek adierazi duen beste, baina tira).

Hala ere, euskararen historia txikiarentzat ere testu esanguratsua dugu, bertan biltzen baita lehenengo euskal hitzen zerrenda (laburra bada ere), Aymeric Picaud erromes frantsesak Done Jakue bidea egiten ari zela Euskal Herritik igarotzean bildua.

Done Jakue bidea (CC-BY Jule_Berlin)

Liber Sancti Iacobi-k Done Jakue apostoluaren gaineko zenbait testu biltzen ditu, bost liburu eta bi eranskinetan banatuak, eta gaur egun zenbait eskuizkributan jasoak, nahiz eta lapurtutako Codex Calixtinus delakoa eskuizkribu horietatik guztietatik ezagutzen den zaharrena dela pentsatzen den (zaharrena bai, baina ez jatorrizkoa, hura ere kopia bat delako, antza denez). Euskal hitzen zerrenda Liber peregrinationis ‘Erromesaren liburua’ izenburua duen V. liburuan agertzen da.

V. liburuaren 7. kapitulua Gidor Bilbaok argitaratu zuen 1994an Uztaro aldizkarian, testuaren latinezko jatorrizko betsioa eta euskarazko itzulpena eskainiz. Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldeak ere kapitulu horren euskarazko itzulpena argitaratu zuen sarean 2008an, berriki Sustatun utzitako erantzun bati esker jakin dudanez.

Horiezaz gain, Aymeric Picauden hitz zerrenda, besteak beste, Koldo Mitxelenak aztertu zuen Textos Arcaicos Vascos liburuan (1964), eta hortik hartu zen Klasikoen gordailuan ematen duten testua. Blanca Urgellek ere aztertu zuen frantziar erromesaren hitz zerrenda, Euskal Lexikografia irakaskuntza proiektu argitaragabean (UPV/EHU, 2002). Hurrengo lerroetan, batik bat azken lan horretan oinarrituko naiz.

Euskal lexikografiaren historian Aymeric Picaudena baino zaharrago den lekukotasun bakarra Donemiliagako glosak dira (glosak baitira genero lexikografiko xumeena). Beraz, Picaudena geroago XV. mende amaieratik aurrera agertuko ziren atzerritar bidaiariek bildutako euskal hitz zerrenden aitzindaria dugu:

Lexikografiaren ikuspegitik, eta baita euskararen historiarako ere, Picauden zerrendak datu markagarri batzuk ematen dizkigu. Esaterako, biltzen dituen euskarazko 18 hitzetatik, 7 mugagabean daude (“panem ogui, uinum ardum, carnem aragui, piscem araign […] tricticum gari“) eta gainerakoak mugatuak, izen bereziak eta partitibo bat (“aquam uric“) dira.

Honek aditzera ematen digu XII. mendean, ziurrenik, euskaraz hitz bat aipatzerakoan (oraindik) mugagabea erabil zitekeela, nahiz eta ordurako mugatua ere baliatzen hasia zen. Kontuan izan, XV. mende amaieratik aurrera hurrengo euskal lan lexikografikoak idazten direnean, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean eta ia salbuespenik gabe, izenkien forma mugatua erabili izan zela, XIX. mendearen bigarren erdia arte, euskaraz izenak aipatzeko ohiko era mugatua zelako, hain zuzen ere.

Picauden hiztegitxoa, hurrengo bidaiari gehienenak bezala, arlo semantiko jakin batzuetara mugatzen da, funtsean helburu praktikoa zutelako: ostatua, jan-edanak, jantziak eta, nola ez, erlijio kontuak. Izan ere, Europa guztian bezala, horrelako zerrenda asko, baita hurrengo mendeetan gaika antolatutako zenbait hiztegi ere, eskema teozentriko baten arabera antolatzen ziren, zerrendako lehenengo hitza Jaungoikoari dagokiona edo antzeko bat izanik: “Deum uocant Urcia“.

Baina honek maiz aipatu den beste arazo batera eramaten gaitu: Urtzi deitzen zioten benetan antzinako euskaldunek Jaungoikoari? Halaxe pentsatu dute ikertzaile batzuek; aldiz, oso litekeena da hitz horrekin Picauden berriemaileak ‘zerua’ esan nahi izatea. Izan ere, nola adierazi ahal zieten bidaiari hauek beren berriemaile euskaldunei zein hitz esatea nahi zuten? Euskaraz ez jakin, berriemaileak latinez ere ez, eta, ezinbestean, keinuka edota objektuak seinalatuz moldatu behar. Beraz, imajina dezagun Aymeric bere berriemaileari ‘Jaungoikoa’ euskaraz nola deitzen zion esanarazi nahian; beharbada beste ahalegin batzuen ondoren, zerua hatzamarraz erakutsiko zion eta, zas!, berriemaileak “urtzia” esan, ‘zerua’ noski.

Halako gaizki-ulertuak ugari dira mota honetako hitz zerrendetan. Esaterako, Francis Willughby naturalista ingelesak 1664an ondu zuen latina-proventzera-gaztelania-arabiera-euskara hiztegian (bide batez, hau ere eskema teozentrikoaren arabera antolatua) adibide polit asko ditugu, hala nola:

  • Ver ‘udaberri’ – martia, hots “martxoa”
  • Oblivio ‘ahazte’ – astugat, hots “ahaztu zait”
  • Surditas ‘gorreria’ – estancut, hau da “ez dantzut”
  • Perfidia ‘zitalkeria, traizio’ – vnecostutendaqui “honek osten daki”
  • Volare ‘hegan egin’ – banoacareraca/ynnesinoa “banoa karreraka / ihesi noa”
  • Difficile ‘zail’ – arerioa
  • Plenum ‘bete(ta)’ – betedagosabela “bete dago sabela”
  • Separare ‘banandu, bereizi’ – vatdoabatetibestabat/eti, ziurrenik “bat doa batetik beste batetik”
  • Nos ‘gu’ – emengara

Eta beste hainbat, baten batzuk benetan bitxiak:

  • Mas ‘ar’ – guestoa
  • Faemina ’eme’ – guestotaeguiten

Amaitzeko, itzul gaitezen Aymeric Picauden testura, eta ikusiko dugu erromesak ez zuela euskaldunei ez euskarari buruz oso iritzi ona, inondik ere!:

Zinez itsusi janzten dira eta itsusi jan eta edaten dute. Nafar etxeko guzti-guztiek, hala jopuak nola ugazabak, hala neskameak nola ugazabandreak, jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararekin barik bakoitzak bere eskueekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren txakur edo txerritzat hartuko zenituzke.

Berbetan entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute… (G. Bilbaoren itz., 75. or.)

Argibide gehiago:

Jatorrizkoa eta erantzunak: Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda

Kategoria: Euskalaritzaren_historia, Euskara, Euskararen_historia, hiztegiak, lexikografia, testuak, Urteurrenak. Gorde lotura.