2008 – “Gaztelania primitiboaren” teoria

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

XVI. mende amaieratik XVIII. mendera arte, Espainian jende askok sinetsi zuen Iberiar Penintsulan gaztelania latinaren aurretik hitz egin zela, “gaztelania primitiboaren” teoria deitu izan dena. Gezurra badirudi ere, batzuek oraindik sinesten dute.

1588an Granadako Torre Turpianan berunezko kutxa bat aurkitu zen eta, haren barruan, erlikia (giza-hezur) batzuk eta pergamino bat zeuden, arabieraz, latinez eta gaztelaniaz idatzia. Pergaminoan, beste gauza batzuen artean, munduaren bukaerari buruzko profezia bat zekarren, gaztelaniaz idatzia (ustez San Joanek hebreeraz idatzia, Dionisio Aeropagitak [!!] grekerara itzulia eta, geroago, pergaminoan San Zeziliok berak gaztelaniaratua).

Pergaminoa Neron enperadorearen garaian datatu zen, K.o. I. mendean alegia, San Zezilio garai hartan hil omen zelako, martirioa pairatuz. San Zezilio Granadako lehen apezpikua izan omen zen, Santiagoren dizipulua eta Espainian ebanjelioa predikatzera bidalia.

Hurrengo urteetan, 1595etik 1599 arte, aurkikuntza gehiago egin ziren Granadako Sacromonten (hortik hartu zuen izena, hain zuzen), haien artean berunezko xafla idatzi batzuk, non dotrina katolikoaren zenbait puntu eztabaidatzen ziren eta erlijio kristauaren eta islamikoaren arteko sinkretismoaren alde jotzen zen.

Aurkikuntzei buruzko mesfidantza oso laster agertu zen eta zenbait arlotako eztabaidak sorrarazi zituen: erlijiosoak, linguistikoak eta politikoak, denak nahasiak ere bai; esate baterako, arabierazko idazkiek artean arriskuan zeuden moriskoak Penintsulan musulmanen inbasioen aurretik bazeudela bermatzen zutelako. Izan ere, gaur egun pentsatzen da, ia ziurtasun  osoz, gutxienez bi moriskok parte hartu zutela faltsifikazioetan: Alonso del Castillo eta Miguel de Luna.

Elizak aurkikuntzei eman zien babesa, Granadako orduko artzapezpiku Pedro Antonio de Castro buru nabarmena izanik. Hala, 1600 urtean, jai eta zeremonia luzeen ondoren, erlikia eta berunak ofizialki onartu ziren Granadan. Baina 1682an erlikiak faltsutzat hartu zituen Vatikanoak.

Hala ere, oraindik XVIII. mendean bazen Sacromonteko testuen jatortasuna aldarrikatzen zuenik. Horregatik Gregorio Mayansek faltsutasuna gogor salatu behar izan zuen bere Orígenes de la lengua española (1737) liburuan eta 1868an Godoy Alcántarak behin betiko argitu zuen iruzurra.

Eztabaidan sartu ziren gaietarik bat hizkuntzari zegokion. Izan ere, idazki hauetan oinarriturik, autore batzuek frogatu nahi izan zuten gaztelaniaren antzinatasuna, gaztelania ez zetorrela latinetik. Iritzi honen aldeko autore garrantzitsuena Gregorio López Madera (1574-1640) izan zen.

López Maderaren ustez, gaztelania dagoeneko apostoluen garaian mintzatzen zen eta, areago dena, Iberiar Penintsulako lehenengo hizkuntza izan zen, Babelgo 72 hizkuntzetariko bat, Penintsulara Tubalek ekarria. López Maderaren ustez, Espainian beti mintzatu izan zen gaztelaniaz eta, beraz, erromatarrak Iberiar Penintsulara etorri zirenean, latina gaztelaniarekin batera bizi izan zen. Gaztelaniak latinaren azaleko eragina jasan zuen hiztegian, baina besterik ez; hizkuntza beregaina zen, bere substantzia —hau da, morfosintaxia— gordetzen zuena (“ropa antigua” deitu zion López Maderak). Ondorioz, espainiarrek beti hitz egin izan zuten gaztelaniaz, erromatarrek ezin izan baitzieten latina inposatu.

Latinaren eta gaztelaniaren arteko antzekotasuna esplikatzeko, garaiko ideia bat erabiltzen du López Maderak, modu batera edo bestera XIX. mendera arte iraun zuen ideia bat: XV. mende bukaeran, Annio da Viterbo (Giovanni Nanni) dominiko italiarrak Espainiako antzinako historia faltsu bat asmatu zuen, benetako idazle zahar batzuen testu faltsuez baliaturik. Bertan Espainiako 24 lehen erregeen zerrenda ematen du eta, besteak beste, Tubal, Ibero, Hispalo, Hispano, Herkules Lybio, Italo Atlas, Luso, Romo eta abar aipatzen ditu. Errege hauek Espainia menperatuko zuten eta baita Italia ere. Hortik dator, López Maderaren ustetan, latinaren eta gaztelaniaren arteko antzekotasuna.

Euskal apologista batzuek, hala nola Garibaik eta Pozak, Tubalek ekarritako hizkuntza euskara izan zela adierazia zuten eta, beraz, euskara izan zela Iberiar Penintsulako lehenengo hizkuntza. López Maderak ezagutzen ditu ideia horiek eta haien kontra ere egiten du.

Interesgarria dena, López Maderak uste zuen —garai hartan eta geroago ere uste zabaldua— hizkuntzak ez zirela berez aldatzen:

resultaría por muchos argumentos ser nuestra lengua de agora la misma de mil, y mil quinientos años atrás.

Ideia zabaldua zen eta garai hartako (bakarrik?) hainbat apokriforen oinarrian dagoena (Andramendiko idazkiak, kasu).

López Maderaren ideia nagusiak —gaztelaniaren latinarekiko menpekotasunik eza eta gaztelania zuzenean Babeldik datorrelako ideia— jende askok jarraituko zituen hurrengo urteetan, besteak beste Gonzalo de Correas eta Jimenez Paton gramatikariek eta baita Quevedok ere, adibidez.

López Maderaren argudio linguistikoei haren garaikide Bernardo de Aldretek (1560-1641) erantzun zien. Aldretek askoz ere buru argiagoa zuen López Maderak baino. Aldeak alde, XIX. mendean garatu zen gramatika historiko-konparatzailearen aitzindarietariko bat dela esan izan da.

Bere lanetan Aldretek defendatu zuen gaztelaniaren jatorria latin “endekatua” izan zela. Hau ere ideia zaharra zen; lehenago esan dudanez, garai hartan, eta beranduago ere, ez zen pentsatzen hizkuntzak berez aldatzen direnik, beste hizkuntza bat(zu)en eraginez (“endekatzez”) baizik. Horrela, López Maderarekin eta bere aldekoekin eztabaidan sartu zen.

Zentzu honetan, gaztelera latinetik datorrela baieztatzean, Aldrete Sacromonteko testuen kontra ere agertzen da. Baina, hala ere, Aldretek ez du esaten testu faltsuak direnik (heretikotzat hartua izateko arrisku larria baitzuen).

Eta, azkenean, aspaldi-aspalditik ziurtasun osoz faltsutzat hartzen ziren idazkiak iluminatu batek egiazkotzat hartu (PDF) eta orain Iruña-Veleiako aferarekin nahastu nahi dituzte.

Bibliografia osagarria:

  • Alarcos García, Emilio, 1934. “Una teoría acerca del origen del castellano”. Boletín de la Real Academia Española 21.209-228.
  • Aldrete, Bernardo de, 1606. Del origen, y principio de la lengua castellana o romance que oi se usa en España. Eroma.
  • Al-Qantara: Revista de estudios árabes, 23:2 eta 24:2 (2002-2003). Atal monografikoak: “En torno a los plomos del Sacromonte”.
  • Barrios, Manuel & Mercedes García Arenal (arg.), 2006.
    Los plomos del Sacromonte: invención y tesoro
    . Valentzia: Universitat de València.
  • Binotti, Lucía, 1995. La teoría del “Castellano Primitivo”: Nacionalismo y reflexión linguística en el Renacimiento español. Münster: Nodus.
  • Caro Baroja, Julio, 1991, Las falsificaciones de la Historia (en relación con la de España). Bartzelona: Círculo de Lectores.
  • Godoy Alcántara, José, 1868. Historia crítica de los falsos cronicones. Madril: M. Rivadeneyra. Berrargit. faksim. Granada: Univ. de Granada, 1999.
  • Lliteras, Margarita, 2002. “La recuperación de la gramática española en el siglo XVII: del uso conflictivo al uso de razón o propiedad castellana”, in M. Á. Esparza Torres, B. Fernández Salgado & H.-J. Niederehe (arg.), SEHL 2001. Estudios de Historiografía Lingüística. Actas del III Congreso Internacional de la Sociedad Española de Historiografía Lingüística. Vigo, 7-10 de febrero de 2001. Hamburgo: H. Buske, 293-305.
  • López Madera, Gregorio, 1601. Historia y discursos de la certidumbre de las reliquias, láminas y prophecías descubiertos en el Monte santo y Iglesia de Granada, desde el año de mil y quinientos y ochenta y ocho hasta el de mil y quinientos noventa y ocho. Granada.
  • Martínez Alcalde, Mª José, 1992. Las ideas lingüísticas de Gregorio Mayans. Valentzia: Ayuntamiento de Oliva.
  • Mayans y Siscar, Gregorio, 1737. “Orígenes de la lengua española compuestos por diversos autores”. Berrargit. in Obras Completas. Valentzia: Publicaciones del Ayuntamiento de Oliva, 1984, 312-419. Interneten ere eskuragarria: <http://193.144.125.24/mayans/OC-0210.htm>.

Jatorrizkoa eta erantzunak: “Gaztelania primitiboaren” teoria

Kategoria: Euskalaritzaren_historia, Filologia, hizkuntzalaritza_historikoa, Urteurrenak. Gorde lotura.

2 erantzun 2008 – “Gaztelania primitiboaren” teoria-ri

  1. egilea: Jorge Etxague

    Aupa,

    Zehazpen txiki bat: euskara Penintsulako hizkuntza zaharra izan zitekeelako ideia nahiko zabalduta zegoen Garibai eta gainontzeko apologisten aurretik ere… eta Gaztelan bertan. Juan de Valdes-ek ideia aipatzen du bere “Diálogo de la lengua” famatuan, aintzakotzat hartzen ez badu ere -oker ez banago, haren ustetan greziera izen zen Espainiako hizkuntza primitiboa, baita gaztelaniaren jatorria ere…

    Dena den, aipu zaharrena, eta aipu eszeptikoa da, bide batez esanda, Enrique de Villena-rena dugu, zeina 1434n hil baitzen: «Algunos dicen que la lengua que primero los regnos de Castilla tenían era vyzcaína; pero yo nunca lo vi en lugar abténtico» . Antonio Tovar-ek dakar aipu hori (Mitología e ideología sobre la lengua vasca, 19 or.), aipuaren iturria Amador de los Ríos-en “Historia crítica de la literatura española” delarik (II, 362 or.). Ziurtatu nuenez, hala da, baina Tovar-ek errore txiki bat egin zuen: badio Villenak hori idatzi zuela Eneidaren bere itzulpenaren hitzaurrean, baina Amador de los Ríos-ek Danteren Komedia Jainkotiarraren itzulpenaren hitzaurrea aipatzen du (biak ala biak itzuli zituen Villenak). Datutxoa ematen dut aipu labur hori bere testuinguruan irakurtzea interesgarria litzatekeelako.

    Guztiarekin ere, garai haietako ideia linguistikoak pittin bat aztertuta, ondorio argi bat agertzen da: apologista euskaldunak, bitxikeria bat izan gabe, oso “modernoak” izan zirela, ez zutela idatzi garai hartan xelebrekeriatzat har zitekeen ezer. Gure arbasoei (euskaldunak izan edo erdaldunak izan) modu intuitiboan oharkabean pasa ez zitzaien euskararen bereizia eta berezia zeukaten euren alde, behintzat.

    Izan ondo!

  2. egilea: Ricardo Gómez

    Mila esker erantzunagatik eta zure zehaztapenengatik, Jorge!

    Gauza ezaguna da, eta arrazoi osoa duzu, euskara Iberiar penintsulako lehen hizkuntza izan zelako ustea ez zela soilik euskaldunen artean zabaldua. Esaterako, zuk aipatu Tovarren liburuak pentsamolde horren historia nahiko ondo azaltzen du, hutsak huts.

    Bereziki azpimarratzekoa iruditzen zait zure erantzunaren amaieran diozuna; alegia, euskal apologistek “ez zutela idatzi garai hartan xelebrekeriatzat har zitekeen ezer”. Hala uste dut nik ere, oro har (garaiak eta gariak, eta egileak eta egileak bereizi beharko lirateke); hain zuzen, atzo Letren Fakultatean Alberto Barandiaranen Master Amaierako Lanaren defentsa izan zen eta bere lanean ideia hori defendatzen du, besteak beste.

Erantzunak itxita daude.