2006 – Titivillus, kopiagile eta eskribauen deabrua

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Erdi Aroko usteen arabera, Titivillus kopietako errakuntzak biltzen edo sartzen zituen deabrua zen (Tutivillus eta Titivill ere deitu zaio). Kopiagilearen arduragabekeriarik txikiena baliatzen zuen haren lanean huts bat sartzeko. Hau dela eta, kaligrafo eta tipografoen patroia izatera iritsi zen, beren hutsak zuritzeko erabili ahal izan baitzuten.
Badirudi hasiera batean Titivillus gehienbat arduratzen zela elizkizunetan arreta galtzen zuten monjeen izenak idazteaz: Eskriturak edo kantuak irakurtzean oker bat egiten zutenak, edo aldamenekoarekin berriketan aritzeagatik arreta nahikoa jartzen ez zuten entzuleak, esaterako. Izan ere, Titivillus asmatu zutenen helburua monjeei arreta falta bekatua zela gogoraraztea zen.

Titivillusek bere zakua egunero mila aldiz bete behar zuen aurkitutako errakuntzez eta Deabruari haien berri eman. Gero Deabruak monje bakoitzaren bekatuak Azken Judizioko eguneko liburuan jasotzen zituen.

Horixe kontatzen du Joan Galeskoaren Tractatus de Penitentia lanak (c. 1285), Titivillus izena lehen aldiz dakarrenak:

Fragmina verborum titivillus colligit horum
Quibus die mille vicibus se sarcinat ille.

Nola edo hala euskaraturik:

Titivillusek hitz hauen zatiak biltzen ditu,
zeinekin egunean mila aldiz bere zakua betetzen [baitu.

Baina monjeen zereginen artean scriptoriumetan kopiatzen aritzea ere bazen, eta lan horrek ere sekulako arreta eskatzen zuen. Hortaz, Titivillusen begiak monjeek kopietan egindako hutsetara zuzendu ziren.

Titivillus

Titivillusen presentziak bere ondorioak izan bide zituen eta monjeek gero eta arreta handiagoa jarri zieten beren kopiei, huts gutxiago eginez eta Titivullusen lana zailduz.
Hala ere, Titivillusen “urrezko aroa” laster helduko zen. XV. mendean, unibertsitateek testuen kopia asko eta asko behar baitzituzten, monjeak arras lanpeturik zeuden eta hutsak areagotu egin ziren. Titivillusen zorroa berriro ere bekatuz bete zen.

Alabaina zergatia aitzakia bihurtu zen eta monjeek deabruari leporatu zizkioten euren huts egiteak; Titivillusen tentaldiak bultzatzen zituen. Honela, monjeen bekatuak zurituta geratzen ziren eta, ondorioz, Titivillus kopiagile, eskribau eta kaligrafoen zaindari bilakatu zen, azken batean huts guztiak Titivillusek egiten zituelako, ez idazten zuenak.

Nik neuk oraingoz ez dut Titivillus ikusi neure ordenagailuaren inguruan eta, beraz, jarraituko dut pentsatzen egindako okerrak nireak direla eta ez deabru baten eraginez sortuak. Baina batek daki…

Iturriak eta argibide gehiago:

Jatorrizkoa: Titivillus, kopiagile eta eskribauen deabrua

Kategoria: Filologia, idazkera, liburuaren_historia, tipografia, Urteurrenak. Gorde lotura.