2006 (2) – Euskarazko idatzirik zaharrenak Iruña-Veleian?

[2007ko artikulu egokirik aurkitu ez dudanez, zilegi bekit 2006ko bigarren bat hona ekartzea. Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

El Correo egunkariak, gaurko edizioan, Iruña-Veleiako aztarnategietan aurkitutako inskripzioei buruzko albiste hau argitaratu du: “Las palabras en euskera halladas en Álava son las más antiguas que se conocen”.

Titularraren erabatekotasuna gorabehera, artikuluan zehar aski argi geratzen da oraingoz goiz dela inskripzio hauetaz iritzi seguru bat emateko eta zuhur jokatu behar dela, azterketa zehatz eta sakonak behar baitira. Antza denez, inskripzioen azterketa Henrike Knörr eta Joaquin Gorrochategik egingo dute.

Aurkituriko inskripzioak K.o. III-IV mendeetakoak izan daitezkeela adierazten da artikuluan, behin-behineko datazio moduan bederen.

Artikuluan aipatzen diren euskal hitzak hauexek dira:

  • Urdin izar
  • Geure ata
  • Edan
  • Jan
  • Jainkoa

Bistan da hitz hauetako batzuek itxura “modernoegia” dutela, baina jakin beharko litzateke zein diren inskripzioetan agertzen dituzten benetako forma eta grafia. Bien bitartean, euskararen gramatika historikoari dagokionez, arazo franko sorrarazten dituzte, hala nola hitz hasierako palatalizazioaren (jan, jainkoa) edo artikuluaren agerpena (jainkoa). Bestalde ata formak Mitxelenaren hipotesia bermatuko luke, alegia gaurko aita antzinako atta baten despalatalizazioaren ondorio izan litekeela.

Bide batez esanda, inskripzio hauen aurkitzeak bere lekua lortu du dagoeneko gaztelaniazko Wikipedian.

Iturriak:

Eguneratzea (2006-06-12):

Iruña-Veleiako aztarnategiko arduradunek berriaren filtrazioak erangindako atsekabea azaldu dute eta, dena dela, aurkitutako inskripzioetan antzinako euskarazko testuak izan zitezkeela egiaztatu dute. Nolanahi ere, zuhurtzia eta behar diren azterketa guztiak egiteko denbora eskatu dute eta, halaber, ohartarazi dute egunotan zabaldu diren datu batzuk ez direla zuzenak. Zein ote?

Atzoko mezuan aipatutako hitzak ez ezik, gaur Gorri ere aipatzen da.

Mezu honen iruzkin batean iragarri duenez, Kepa Dieguez “urdin izar” delakoari buruz idazten hasi da EtnoMet blogean.

Bide batez, Alfonso Alonsok, Gasteizko alkateak, ez du aukera galdu beragan ohikoak diren tontakeria horietako bat botatzeko.

Iturriak:

Eguneratzea (2006-06-14):

Iruzkinetan
Joseba Lakarrak jakinarazi digunez, Celtiberia.net web gunean ere Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruz ari dira.

Dagoeneko artikulua eta ehundik gora iruzkin daude.

Eguneratzea (2006-06-15):

Bueno, arratsalde bat etxetik kanpo eta oilategian iraultza!!

Askok dakizuenez, gaur Iruña-Veleiako aurkikuntzei buruzko prentsaurreko bat izan da. Bertan, indusketen zuzendaria den Eliseo Gilek eta euskarazko inskripzioak aztertzeko ardura duten Joaquín Gorrochategik eta Henrike Knörrek parte hartu dute. Dagoeneko hedabide batzuetan irakurri ahal izan dut prentsaurrekoan esandakoez:

Hauek dira prentsaurrekoan jakinarazi diren inkripzioetako euskal hitzak:

  • Urdin eta isar, ziurrenik bi hitz solte, ez sintagma batekoak
  • zuri urdin gori, hain bitxi gertatzen den <z> grafiarekin, beherago ere agertzen dena
  • edan ian lo, antza denez honela, segida batean idatziak
  • ian ta edan (Berriak ez du hau aipatzen)
  • jaun (j-z idazten dute goian aipatutako hedabide guztiek; ziur hala dela?)
  • geure ata zutan (El Correo-ren arabera, ‘nuestro padre entre nosotros’ itzultzen dena [sic])
  • Iesus, Ioshe ata ta Mirian ama (Berrian miriam ematen dute)

Aurkikuntza hauen datazioa, Karbono 14 analisiaren bidez egina, lau hilabete barru-edo jakingo dela ere adierazi da prentsaurrekoan. Bien bitartean, beharbada V. mendean edo, zabalago joaz, III-VI. mendeen artean koka litezkeela esan dute.

Bide batez, Pruden, Celtiberia-net-eko eztabaida edota beste foro, artikulu eta hedabide batzuk irakurriz gero, erraz konturatu gaitezke arazoak planteatu dituzten aurkikuntza bakarrak ez direla izan euskararekin lotuak. Kalbarioak berak eta are latinezko inskripzio batzuek zer esan franko eman dute. Besteak beste, Hartzak Celtiberia.net-en aipatuetatik abiaturik, lotura hauek aurkitu ditut:

Gastiz, eskerrik asko publizitateagatik. Amalur, besarkada bat zuri ere. Hartza, eskerrik asko zuri ere gorespenengatik.

Eguneratzea (2006-06-16):

Atzo galdera txiki bat egin nuen, ustezko jaun zela eta: ziur hala dela?

Gaurko berriei esker jakin dugu inskripzioan agertzen den forma IAVN dela. Beraz, j-rik ez.

Jatorrizkoa eta erantzunak: Euskarazko idatzirik zaharrenak Iruña-Veleian?

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, hedabideak, historia, Urteurrenak, veleia. Gorde lotura.