2004 – Inprenta-probetako ikurren historia

[Jatorrizko artikuluaren loturak mantendu ditut; horietako batzuk segurki gaur egun aldatu edo desagertu dira]

Berriro dakart José Antonio Millánen Libros y bitios-eko blog-ean irakurritako mezu baten berri, gaur irakurria, hilaren 5ean datatua izan arren (!!).

Millánek aipatzen duen artikuluak inprenta-probak zuzentzeko erabiltzen diren ikurren historia aztertzen du: “Petite histoire des signes de correction typographique”, Jacques André-k idatzia. Artikulua 1998koa da eta Cahiers GUTenberg aldizkariaren 31. zenbakian argitaratu zen.

Lanen bat moldiztegira eraman dugun guztiok, edo gehienok bederen, borrokatu behar izan dugu inoiz inprenta-proba aspergarriekin, eta berauek burutzeko erabiltzen diren ikur nagusiak behinik behin ikasi behar izan ditugu: nola markatu zerbait ezabatzea nahi dugula, zerbait aldatzea nahi dugula, zerbait tartekatzea; ezabatu, aldatu, tartekatu nahi dugun hori orrialde inprimatuan non kokatu behar den nola adierazi; letra-moldean nahi ditugun aldaketak inprimatzaileari nola jakinarazi, eta abar. Eta hori guztia argitaratuko den gure lanaren huts kopurua ahalik eta zerotik hurbilen egon dadin.

Andrék erakusten digu ikur horietako asko oso-oso zaharrak direla, inprenta baino zaharragoak batzuk, Erdi Aroko eskuizkribuen kopiagileek ere baliatu baitzituzten. Egileak dioenez, zuzenketa ikurren gaurko sistema, aldaera geografiko txikiak gorabehera, funtsean XVIII. mende hasieraz geroztik erabili da.

Jatorrizkoa eta erantzunak: Inprenta-probetako ikurren historia

Kategoria: Filologia, liburuaren_historia, Urteurrenak. Gorde lotura.