“Los vascos no datamos”: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira

[Editatua: 2015-09-13]

Hil honen hasieran, AEBetako Proceedings of the National Academy of Sciences (PNAS) aldizkariak euskaldunen (eta bidenabar euskararen) jatorriaz diharduen artikulu bat argitaratu du:

Günther, Torsten et alii, 2015, “Ancient genomes link early farmers from Atapuerca in Spain to modern-day Basques”, PNAS : 1509851112v1-201509851.

Atapuercan duela 3.500-5.500 urte bizi ziren zortzi gizakiren DNA aztertu dute eta, ahaidetasun genetiko handiena gaurko euskaldunekin dutela ikusita, egileek iradokitzen dute euskaldunak (eta euskara) lotuta leudekeela Neolitoan Ekialde Hurbiletik etorrita Europan nekazaritza hedatu zuten populazioekin. Ondorioz, gaurko euskaldunak ez ziren izango bertako Mesolitoko populazio ehiztari-biltzailearen oinordeko zuzenak. Alabaina hurrengo 5.ooo urteetan euskaldunak nahiko isolatuta geratuko ziren, artean Iberiara etorritako migrazio-uholdeen (indoeuroparren, erromatarren, afrikarren) eragin handirik jaso gabe. Bestalde, sardiniarrekin ere ahaidetasun genetiko handia aurkitu dute; horretan oinarrituta, euskararen eta paleosardinieraren arteko antzekotasunak daudela aipatzen dute eta, beraz, euskara ere Mediterraneotik etor zitekeela, Ekialdeko lehenengo nekazari haiek ekarrita. Hauexek dira artikuluaren amaierako ondorioak:

In summary, our ancient genomic sequence data from the El Portalón individuals and our analyses suggest the following model of events: The incoming early farmers, who could have spoken a non–Indo-European language, assimilated resident hunter–gatherers, with this admixed group becoming the ancestors of modern-day Iberian groups. Basques remained relatively isolated (compared with other Iberian groups) with marked continuity since the Neolithic/Chalcolithic period, but not since the Mesolithic (contrary to refs. 8, 9, and 26). Later migration into Iberia, possibly during the long reign of the Roman Empire and the 7th to 13th century period of Moorish rule of the peninsula, led to distinct and additional admixture in all Iberian groups but the Basque population (23). (Günther et alii 2015: 5)

Artikuluak hedabideen eta sarearen atentzioa eman du, noski, euskaldunen eta euskararen jatorria aski gai erakargarri eta eztabaidagarria izan delako aspalditik, eta bereziki azken urteotan, populazioen genetika agertu zenez geroztik. Zer esanik ez, egunkarietako albiste eta erreportaje batzuetan artikuluaren interpretazio sinplistak eta titular xelebreak agertu dira (baita inoiz alderdikoi eta interesatuak ere); beste batzuetan, ordea, artikuluaren egilekideen adierazpenak ekarri dituzte, artikulua ulertzen lagundu dutenak.

Hona, egunotan, Günther eta besteen artikuluari buruz argitaratu direnen zerrenda bat, inondik ere osoa ez dena (zerrenda luzeagoa dakar Joseba Abaituak):

Ez naiz genetikan aditua eta, beraz, ezin ditut artikuluaren xehetasun teknikoak behar bezala ebaluatu. Hala ere, zenbait puntu oso eztabaidagarriak iruditzen zaizkit, atera dituzten ondorio potoloak kontuan harturik; saiatuko naiz nire iritzia labur-labur azaltzen:

1. Zortzi gizakiren genoma aztertzea oso lagin eskasa da, handik hain ondorio orokorrak ateratzeko. Eta are eskasagoa antzinako DNAaz ari garelarik, haren egoera degradatua eta andeatua delako, artikuluaren egileek berek aitortzen dutenez: “All samples displayed features characteristic of ancient DNA (16): (i) The DNA was fragmented and (ii) cytosine deamination was consistently higher at fragment termini” (Günther et al. 2015: 2).

2. Oro har, gaur egun ere populazioen genetikak “frogatzen” dituztenak ez dira inolaz ere erabateko emaitzak. Ikustea besterik ez dago nolako ondorio desberdinak atera dituzten gutxi gorabehera populazio berdinak aztertu dituzten ikerketa genetikoek.

Gureari dagokionez, esaterako, beste zenbait autorek oraingo euskaldunak Paleolito/Mesolito garaietakoekin zuzenean lotu dituzte, baita Franko-kantabriar izeneko eskualdearekin lotu ere (Behar et al. 2012, Cardoso et al. 2013, Gómez-Carballa et al. 2012, besteak beste).

Edo, Franko-kantabriar eskualdeari berari dagokionez, kontuan har daitezke nolako ondorio desberdinak atera zituzten Stephen Oppenheimer-ek eta Brian Sykes-ek, oso antzeko laginak erabilita ere.

Eta beste egile batzuek guztiz kontrakoa “frogatu” dute, alegia euskaldunen eta Iberiar penintsulako gainerako biztanleen artean ez dagoela desberdintasun genetikorik ().

Ildo horretan, zinez gomendagarria iruditzen zait López, Izagirre eta Alonsoren artikulu hau (ez dago sarean eskuragarri, baina inori interesatzen bazaio, bidaliko diot):

López, Saioa, Neskuts Izagirre & Santos Alonso, 2013, “Euskaldunen jatorria eta berezitasun genetikoa eztabaidan”, in R. Gómez et al. (arg.), Koldo Mitxelena Katedraren III. Biltzarra – III Congreso de la Cátedra Luis Michelena – 3rd Conference of the Luis Michelena Chair, Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU, 343-352.>

Egileek euskaldunen jatorriari buruzko hainbat lan birpasatu ondoren, eta haietan lortutako emaitza kontrajarriak ikusita, ondorioetan hauxe diote:

Emaitzen interpretazio objektiboak egiteko behar-beharrezkoa da ikerlarien aurriritziak eta sinesmenak alde batera uztea. Honen harian, Guido Barbujanik (2000) esandakoa aipagarria da: “populazio genetikan egindako edozein aurkikuntza, gertaera historikoren bati lot dakioke; baina kontrakoa iradokitzen duen beste gertaera historiko bati ere bai”. Hau da, hasieran azterketak egin eta geroago emaitzei zein hipotesis egokitzen zaien erabakitzea ez da egin behar dena, frogatu nahi den hipotesia hasieran ezarri, eta geroago azterketak egin baino.

Halaber, ikerketa genetikoen halako emaitza kontrajarrien zerrenda ederra ikus daiteke Joseba Abaituaren “A propósito del ADN prehistórico de Santimamiñe y la continuidad genética de los vascos” artikulu bikainean, Behar et alii-renetik aterata.

3. “Nori berea da legea” dio esaera zaharrak. Zientza bakoitzak bere helburuak ditu, bere metodoak eta bere iker-esparruak. Horregatik, ikerketa genetikoetan hizkuntzen ahaidetasunari edo ibilbideari buruzko ondorioak atera nahi direnean, beren helburuetatik eta esparrutik kanpo dabiltza, eta bestelako metodoak behar dituen zerbaitetan sartu nahi dute (eta, bide batez, hizkuntza kontuetan bestelako bibliografia erabili beharko lukete). Hizkuntzek ez baitute markatzaile genetikorik, ez baitira geneen bitartez transmititzen, eta ez baitira berez eta nahitaez populazioekin batera ibiltzen eta haiek bezala aldatzen.

Ez diezadala inork aipa zientzia “gogorrek” humanitateen aldean omen duten lehentasuna. Goiko 2. puntuan ikusi ditugun genetikaren emaitza kontrajarriak ikusita, nago XIX. mendeaz geroztik Hizkuntzalaritza Historikoak metodo konparatzailea erabiliz ezarri dituen hizkuntz familiak eta erlazioak, oro har, askoz iraunkorragoak eta ziurragoak gertatu direla Genetikatik etorritako populazio-loturak baino. Eta, argi esan dezagun, (aitzin)euskararen eta aitzin-sardinieraren arteko ahaidetasuna ez dago inola ere frogatuta, oraingoz behintzat.

Gai honetan, nahiko adierazgarriak dira gorago aipatutako Abaituaren artikuluaren hasiera:

Equiparar territorios, genes y lenguas es un desafortunado error que suele estar inducido por la forma en que se divulgan algunas investigaciones.

Eta amaiera:

Lo que a nuestro juicio es inadmisible (además de altamente preocupante, por sus implicaciones ideológicas) es que se presenten estos instrumentos en clave determinista, dando por sentada la asociación inequívoca entre linajes genéticos, territorios y rasgos socioculturales o etnolingüísticos. Porque parafraseando la popular consigna: “todos somos contingentes”.

Horregatik, oso zentzuzkoak iruditu zaizkit José María Bermúdez de Castro, Atapuercako aztarnategiko zuzendarikide eta artikuluaren egilekidearen hitzak, ABC egunkariko erreportajearen amaieran jasoak. PNASeko artikuluaren testuan bertan (eta, batez ere, egunkari gehienetako albiste alderdikoietan) baino askoz zuzenago jokatzen du, inondik ere:

«En todo caso -apuntilla Bermúdez de Castro- se trata de una cuestión cultural y poco tiene que ver con la Biología. Cualquiera sabe qué lenguas se hablaban en el neolítico, hace 5.000 o 7.000 años. Y menos aún en el Mesolítico. Pero la genética ahí no tiene nada que decir. Lo único cierto es lo que nos dicen los ocho esqueletos analizados (cuatro de ellos muy fiables genéticamente). Son datos científicos y no admiten discusión» (letra lodia nirea da)

Amaitzeko, esan dezakegu, Iharce de Bidassouetek Histoire des Cantabres liburuan (1825: 183) etxeko jaun baten ahotan jarri zuen bezala, “Nous autres Basques […], nous ne datons plus”. Euskaldunok ez dugu datatzen, alde batetik, duela 5.000 urte, 7.000 urte edo Adam eta Ebaren garaiaz ari garelarik, “euskaldunez” hitz egiteak ez duelako zentzu handirik, espainiarrez, frantsesez edo australiarrez hitz egiteak ez duen bezalaxe. Eta, bestetik, ikerketa genetikoen artean agertzen diren emaitza kontrajarriak ikusita, oraindik behintzat ez gaituzteko datatzen, ezin izan gaituztelako datatu.

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, historia, Zientzia. Gorde lotura.

7 Responses to “Los vascos no datamos”: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira

  1. Pingback: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira - zuzeu.eus

  2. Pingback: Atapuercako ikerketa genetikoaren harira, uzkur ageri den hizkuntzalari bat

  3. egilea: Borja

    Harrigarria inork ez aipatzea, eta argigarria baita ere ondorioen “sendotasunaz” jabetzeko, nola hona ekarri dituzun ondorioen aurreko azken-azkeneko esaldian hauxe dioten autoreek: “However, the possibility remains that the Basque language is a retention of the pre-agricultural linguistic diversity.”

  4. Pingback: ADN, Baskonia, euskaldunak, historia, euskara… ze buruko mina! | Uribe Kostaz hitz egiten

  5. Pingback: Euskaldunon jatorria (2) | egunsentiederra

  6. egilea: Loiola

    Kaixo Ricardo:

    Lehedabizi, eskerrik asko blog zoragarri eta interesgarri honengatik. Hontu bat aipatu nahi dizut kontu honen harira.

    Atzo Internet bidez “Baskoniaren historia bat” sailaren bigarren atala ikusi nuen, gai honi erabat lotuta dagoena. Ikusi bitartean, galdera batzuk etorri zitzaizkidan:
    Aldaietako hilobien aurkikuntzak direla-eta, De la Rua izen handiko genetistaren iritzia beren beregi eskatzen zen. Gero dokumentalak esplizituki erlazionatzen eta lotzen zuen hilotz haien ADNa euskaldunekin eta euskararekin.
    Hori, ageri-agerian dago, aurka eta talka egiten dio Filoblogiak goraipatutako Abaituaren artikuluko esaldiari, zeinaren Abaituaren artikuluaren ustezko oinarria den:
    “Equiparar territorios, genes y lenguas es un desafortunado error que suele estar inducido por la forma en que se divulgan algunas investigaciones”
    Zientzian irizpide diferenteak erabiltzen badira, nor bere ideologiaren arabera, fenomeno kideak eta berdintsuak epaitzeko, eta haietatik ondorioak ateratzeko, gurpil zoro batean sartzen gara. Are gehiago, hori egiten dutenak haien zientifikotasuna eta ideologia eza aldarrikatzen badute. Denok gara subjektuak eta geure iritziak baditugu. Hori ukatzen dutenak izan dira askotan arriskutsuenak zientziarentzat. Ematen du klasikoek ziotena bete egin dela oraingoan: Esplicatio non petita…
    Dena den, nire hitzak gaizki ez daitezen interpreta, honek guzti honek ez du esan nahi euskalduntze berantiarraren hipotesia ezinezkoa eta gezurrezkoa denik, noski. Baina bai, ordea, Abaituaren hipotesien metodologiaren ahultasun eta azientifikotasunak . Esan behar da Abaitua bera dokumentalean agertzen dela momentu batean.
    Telesaioaren amaieran ere antzeko gauza bat gertatu zen, are deigarriagoa:
    Alberto Santana aurkezlea Santimamiñeraino joaten zen eta, inongo azalpenik eman gabe, baieztatzen zuen, dokumentalaren ondorio moduan-edo, “ziur aski Santimamiñeko gizakiek ez zutela euskaraz egiten (ez badakigu, zertarako esan, orduan? Beste mitifikazio ilungarri eta azientifiko bat eragiteko euskaldunon iraganaz?).
    Jakina, azken pasadizo hau are deigarriagoa egiten zen, estranbote bat zirudielako, ez baitzeukan zer ikusirik ordura arte dokumentalean tratatutako gaiarekin (Euskaldunak erromatarren inperioaren garaian).
    Zertarako aipatu, hortaz, frogatuta ez dagoen zerbait, dokumentalaren hariarekin ez badator ere? Are gehiago. Aipatuz gero, zergatik ez aipatu dokumentalean ordura arte erabili diren irizpideekin? (Santimamiñeko hezurren ADNa ere aztertu dute De la Ruak eta EHUk)
    Erantsi behar da ziur aski-ko baieztapen hori egiten zela dokumental sailean hainbat biderrez agertu den esplicatio maiestatikoa berriro errepikatu eta gero : Gustatzen zaigu pentsatzea gure iragana mitikoa dela, baina geuk zientziaz helduko diogu euskaldunon historiari. Alberto, gomendio bat: egin berba zeure izenean beste inor sartu gabe zure iritzietan. Are gehiago telebistan eta dokumental-sorta zientifiko batean.

    Argitu bahi dut alberto Santana jakintsu handitzat dudala euskal historiaren zientzian, eta nire ustez bera bezalako asko eta asko behar ditugula gurean. Lerro hauetan esan ditudanek, noski, ez dute esan nahi Alberto Santanaren jakituria hutsaren hurrengoa denik, jakina. Baina bai, ordea, ez duela bere barruko aurreiritziak behar bezala kudeatu, gutxienez, gai eta telesaio honetan (edo, jakina, ez duela dakiena behar bezala azaldu eta nik ez diodala ulertu).

    PD: Badakit, azpi-azpian, arrazoi bat dagoela Santanaren jokaeraren (eta iruzkin maiestatiko horien) iturria dena: gai honen inguruan hainbat atunburu milenaristak esandako burugabekeriak. Baina zientzian burugabekeriak zientziaz baliogabetzen dira. Ez norbere aurreiritzi irrazionalekin.

  7. egilea: Loiola

    Barkatu, “Euskaldunak erromatarren garaian” lehenengo ataleko gaia eta garaia zen; bigarrrenarena “Euskaldunak Goi erdi aroan” zen. Barkatu berriro, biak bata bestearen atzetik ikusi nituen-eta.

    Beraz, Santimamiñeko koben gizakien hezurrak, -zientifikoki duela 4000 urte datututa daudenak!- are urrunago daude denboran, eta dokumentalaren “estranbote freudianoa” are nabarmenagoa da.

    Okerrena da mitologia azientifikoak behin eta betiko alde batera utziko dituela behin eta berriro aldarrikatzen duena bera ez konturatzea halako “boutadeak” botatzen ari dela, non eta dokumental “zientifiko” batean.

    Zeren, ez dut asko horretan sakondu nahi izan, baina Santanak bere hipotesia aurkezteko darabilen era ere erabat alderdikoia da, eta ikusleari ez zaio argi gelditzen zer den hipotesi hutsa (teoria ez da, noski) , eta zer dagoen benetan dokumentatuta; besteak beste, bere hipotesien kontra argi eta garbi hitz egin izan dutenak (Gorrochategui, eta Mitxelena, kasu) hipotesi horren alde daudela bezala aurkezten dituelako!.

    Garbi dago Santanari ez zaiola atal hau biribil-biribil atera, zergatik eta bere gogoa eta usteak zientziaren gainetik ezarri dituelako.

    Dena dela, eta negatiboa ez izatearren, esan behar dut lehenengo atala, hau da, erromatarren inperioaren garaiko kapitulua -“esplicatio non petita” maiestatikoak gorabehera- askoz ganorazkoagoa izan zela, beti ere nire ustez, noski.
    Gabon.

Erantzunak itxita daude.