Hesperia, hizkuntza paleohispanikoen datu-bankua

Hesperia datu-bankua 2014an ireki zen sarean, nahiz eta proiektua 1997an abiatu, Javier de Hoz irakasleak zuzendurik eta Joaquín Gorrotxategik koordinaturik.

Webgunearen aurkezpenean dioten bezala, Hesperiaren helburua Iberiar penintsulako antzinako hizkuntz material guztiak bildu, ordenatu eta prozesatzea da, latinezko, grekozko eta fenizierazko inskripzioak alde batera utzirik.

Ildo horretan, Hesperiaren barruan halako datuak sartzen dira:

  • Hizkuntza paleohispanikoen testu guztiak (iberiera, zeltiberiera, lusitaniera eta Hegomendebaldekoa).
  • Txanponetako inskripzio paleohispanikoak.
  • Bertako onomastika, iturri epigrafiko edo literario greko-latindarretan transmititu dena (aipaturiko hizkuntzena, eta baita euskararen eta turdetanoarena; hala antroponimoak, nola toponimoak, etnonimoak eta teonimoak).
  • Antzinako autoreek transmititutako glosa hispanikoak.

Oraindik ez dago datu-banku osoa erabiltzaileen esku, atal bateko lana amaitu ahala denon eskura jartzen dutelako. Ireki dituzten azken atalak Iberiar penintsulako onomastika (antroponimia eta teonimia) eta lusitaniar inskripzioak izan dira. Lehenago, inskripzio zeltiberikoak eta narbonenseak ireki zituzten.

Datu-bankuaren ibilbidea webgunearen hasierako mapan jarrai daiteke, gorriz markatzen baitira noizik behin irekitzen dituzten atalak:

Hesperia. Banco de datos de lenguas paleohispánicas 2015-06-14 00-44-28

Kategoria: datu-basea, epigrafia, idazkera, onomastika, paleohispanikoak. Gorde lotura.