UEUko Udako Ikastaroa: “Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara”

Gaur ireki da UEUk antolaturiko 42. Udako Ikastaroetan izena emateko epea. Aurten eskaintzen diren ikastaroen artean “Euskararen lekua munduan eta historian: mitoetatik egitateetara” izenekoa dugu. Hauxe da UEUren webgunean ikastaro horri buruz ematen duten informazioa:

  • Izaera: Presentziala
  • Ordu kopurua: 12.00 ordu
  • Matrikula-prezioak: Orokorra: 84,00 €. Ikasle, langabe eta erretiratuak: 75,60 €. Bazkideak: 63,00 €
  • Matrikula-epearen hasiera: 2014(e)ko maiatzaren 12a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2014(e)ko uztailaren 6a

Euskara hizkuntza isolatua izateak aspaldi erraztu du bere historiaz eta bilakabideaz era guztietako uste eta proposamenak plazaratzeko bidea: XVI. eta XVII. mendeetako historialarien hipotesiez geroztik, euskal herritarrek zein kanpotiko ikertzaileek hainbat proposamen egin dituzte euskararen ustezko izaera bereziaz, jatorriaz, antzinako hedaduraz, euskalkien bilakabideaz eta abarrez. XX. mendean, nazioarteko hizkuntzalarien artean arruntak ziren metodoak gurera iritsi zirenean, arestiko uste horietako gehienak okerrak zirela erakutsi zen; baina, dagoeneko hain zeuden hedatuta non oraindik ere entzun baitaitezke. Ikastaro honek bi ardatz izango ditu: euskararen ustezko berezitasuna eta euskararen barne-historia. Benetan hain berezia al da euskara hizkuntza gisa? Zer leku du munduko hizkuntzen artean? Noiz sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun euskarak? Aldaketarik gertatu al da azken mendeotan?

Irakasleak

Helburuak

  • Euskara munduko hizkuntzen artean kokatzea.
  • Euskararen ustezko berezitasunak konparazioaren bidez aztertzea.
  • Euskararen azken mendeotako historiaren zenbait gai interesgarri azaltzea.
  • Euskararen historia aztertzeko metodoak azaltzea eta hausnarketa bultzatzea.

Edukiak

  • Euskararen ustezko isolamendua vs mendez mendeko ukipenaren ondorioak.
  • Euskararen aldakortasuna eta bilakabidea, beste hizkuntza batzuekin konparatuz.
  • Euskalkien jatorria: usteak, frogak eta azterbideak.
  • Euskal testu zaharrak eta euskararen barne-historia.
  • Euskal literaturaren inguruko uste oker errotuak.
  • Euskara ikertzaile kanpotarren begietan.

Metodologia

Nagusiki eta oro har, dinamikotasuna eta parte hartzea bultzatuko dira, baita saio teorikoenetan ere: saio guztietan zenbait material banatu eta ikasle/entzuleekin interakzioa bilatuko da, ikasleen ezagutza eta ideiak oso lagungarri izango baitira zenbait gai aztertzeko eta azaltzeko, eta ikasleei eurei hausnarrarazteko. Eskola magistral klasikoak baino gehiago, tailer-itxurako ikastaro praktiko gidatuak izango dira.

Nori zuzendua

Aipatutako gaien inguruko interesa duen edonor izan daiteke hartzaile: hizkuntzen eta hizkuntzalaritzaren esparruko ikasleak eta irakasleak, eta euskararen historia ezagutu nahi dutenak, (Euskal) Filologiako zein euskaltegietako goi-mailetako ikasleak. Ez da beharrezkoa izango hizkuntzalaritzari eta filologiari buruzko ezagutza izatea, landuko diren ideiak eta ariketa praktikoak oinarrizkoak baitira.

Egitaraua

2014-07-16

Ordua Edukiak Irakaslea
09:00-09:05

Eguneko saioen aurkezpena.

09:05-10:00

Euskara bere bakardadean?

10:05-11:00

Euskararen historiaurrea(k) edo zer eta zertarako erka eta berreraiki.

11:00-11:15

Atsedenaldia

11:15-12:10

Euskara aldakor, euskara egonkor.

12:10-13:05

Oharrak euskalkiez eta hauen problematikaz.

13:05-15:00

Bazkalordua.

15:00-15:55

Euskararen hots ”bitxiak”.

16:00-16:55

Euskararen gramatika (ustez) apartekoa.

2014-07-17

Ordua Edukiak Irakaslea
09:00-09:05

Eguneko saioen aurkezpena.

09:05-10:00

Sendi galduaren bila: euskararen izter-lehengusuak garaiz garai.

10:05-11:00

Euskarari buruzko ikerketak Europan: zenbait adibide.

11:00-11:15

Atsedenaldia

11:15-12:10

Euskararen historia: mitoak eta ipuinak.

12:10-13:05

Hizkuntzalaritza eta Filologia bidaide.

13:05-15:00

Bazkalordua.

15:00-15:55

Euskalki idatzietan ahozko euskara.

16:00-16:55

Zenbait ohar XIX. mendeko sartaldeko euskalkiaz.

Matrikulaziorako argibideak

  • Matrikulatu aukera sakatu (goian dago, izenburuaren azpian) eta bertan agertutako zaizun fitxa bete.
  • Matrikula-orria bete ondoren, zure posta elektronikoan mezu bat jasoko duzu, matrikulazioa eta ordainketaren inguruko argibideekin.
  • Ez baduzu mezurik jasotzen, akatsen bat egon da. Horrela bada, jarri gurekin harremanetan: 943 82 14 26, i.iciar@ueu.org, (Irati).
  • Hemen UEUren matrikulazio-araudi orokorra.
Kategoria: Euskalaritzaren_historia, Euskara, Euskararen_historia, ikastaroak, unibertsitatea. Gorde lotura.