Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (eta 2)

Orain dela zenbait aste argitaratu nuen artikuluaren jarraipena da hau, La Pepak euskarazko testuetan utzi zituen lekukotasun batzuk aurkezteko asmoz idatzia. Hona aurrekoan aipatu besterik ez nituen bi testuen aurkezpena eta “bola estra” bat:

3. Españiaco uritar constitucionalen Cartilla civilla (Tolosa, 1820)

Liburuxka hau Tolosan “moldizquidatu” zen “Juan Manuel la Lamaren echean” 1820an, hirurteko liberalaren hasieran, Cadizko Konstituzioa gipuzkoarrei azaltzeko. Jaquin-bide Iritarautia bezala, testu hau ere galde-erantzunen bidez antolatuta dago. Gallastegik (2004: 41) jakinarazten du “Gipuzkoako Aldundiak, 1820ko azaroaren 14ko zirkularren bidez, liburutxoaren berri eman eta haren erabilera gomendatu” zuela.

1989an izan nuen testuaren berri, Bonaparte printzearen liburutegiaren katalogoa aztertzen ari nintzelarik. Katalogoaren 51. orrialdean agertzen da, 1029 zenbakia duela, honako ohar honekin: “A political catechism in Spanish and Basque”.

Hurrengo urtean liburuxka transkribatu nuen eta Klasikoen gordailuaren aurrekaria zen Euskal testuen gordailura bidali nuen; han argitaratu zen lehenik eta Klasikoen gordailuan gero. Tamalez, webgune horren argitaratze irizpideengatik euskarazko testua baino ez zen sareratu, aldamenean dagoen jatorrizko gaztelaniazkoa baztertuz.

2003an Hiria argitaletxeak liburuxkaren argitalpena kaleratu zuen, Españiako uritar konstituzionalen kartilla zibila izenburuarekin; ez dut ikusterik izan. Gallastegik dio (2004: 41, 5. oh.) euskarazko zatiaren transkripzioa dela, baina lerro batzuk gorago Klasikoen gordailukoa elebiduna dela dio; baliteke bi baieztapenak trukatuta egotea.

Gallastegiren (2003) iritziz, bi hauetako bat izan zitekeen liburuxkaren euskarazko bertsioaren egilea:

  • Batetik, liburuxkaren argitalpena ordaindu zuen eta Gipuzkoako Diputazioari eskaini zion “Manzanares hiritarra”.
  • Bestetik, bigarren aukera Juan Ignazio Urretabizkaia “Urreta” Amezketako orduko erretorea da. Izan ere, 1897ko abenduaren 17an La Voz de Guipúzcoa egunkarian honako hau irakurtzen da: “Urreta fue autor de un catecismo liberal, única obra en su género que se ha escrito en el vigoroso idioma euskaro” (apud Gallastegi 2003: 202).

4. Cadizko konstituzioaren aldeko sermoi politikoa (1821)

César Gallastegik ezagutarazi eta argitaratu zuen 2004ko artikuluan. Bertan dioenez, 1820an Espainiako Gorteek erabaki zuten erretoreek igande eta jaiegunetan pulpitutik konstituzioa azaldu eta haren abantailak aldeztu behar zituztela. Horrek orduko apaizen jarrera desberdinak sorrarazi zituen: batzuk liberalekin zein absolutistekin ondo konpontzen saiatu ziren; beste batzuek konstituzioaren aurkako jarrera argia adierazi zuten, eta azken talde batek monarkia konstituzionala onartu zuen.

Antza denez, Gipuzkoako apaizen artean nagusi izan ziren lehenengo bi taldekoak. Aldiz, euskarazko sermoi politikoaren egilea zinez liberalak ziren salbuespenetarikoa zen. Martin Galarraga omen da sermoiaren egilea. Galarraga apaiza Manuel Jose Zavala Villafuertesko kondearen maisua eta haren ondasunen administratzailea izan zen. Gallastegik dioskunez (2004: 46), “Kondeak XIX. mende hasierako Gipuzkoan kargu politiko garrantzitsuenak izan zituen, bai foru sistemaren barruan, bai sistema politiko berrian”. Hirurteko liberala amaitu ondoren, Martin Galarragak jazarpen politikoa jaso zuen liberala izateagatik.

Jakina, pulpituan predikatzeko testua izanik, ez dugu aurkitzen gainerako testuetan dauden Larramendiren hiztegitik hartutako hitz berririk; izan ere, sermoiaren entzule gehienek nekez ulertuko zituzten.

Sermoiaren eskuizkribua Donostian dago, Archivo de la Casa Zabala agiritegi pribatuan. Borja Aginagaldek prestatu zuen agiritegiaren katalogoa eta gaur egun eskuragarri dago EASN Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionalaren BADATOR bilatzailean.

Bestalde, arestian abian jarri den DOKUKLIK-ek eskuizkribuaren digitalizazioa jarri digu eskura:

5. “Bola estra”: Luis Borboikoaren Artzain gutuna (1820)

Aurreko mezua argitaratzean, aipatu gabe utzi nuen Luis Borboikoa kardinal liberalak 1820an inprimarazi zuen Artzain gutuna eta haren euskarazko bertsioa, Bizenta Mogelek itzulia eta urte berean Bilbon inprimatua.

Bonaparte printzeak ale bat zuen eta bere katalogoan agertzen da, 878 zenbakiarekin. Geroago, Julio Urkixok (1934) eman zuen ezagutzera eta Xabier Altzibarrek (1992) osorik argitaratu zuen.

Bibliografia:

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia. Gorde lotura.