Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (1)

Gaur bete da Cadizko konstituzioaren 200. urteurrena, 18021812ko San Jose egunean aldarrikatu baitzen La Pepa, Espainiako lehenengo konstituziotzat hartu ohi dena (1808ko Baionako konstituzioa edo estatutua maizegi ahaztu ohi da).

Joseba Agirreazkuenagak berriki azaldu dizkigu Cadizko konstituzioa Hego Euskal Herrian onartzeko egon ziren gorabeherak. Onartu zen ala ez alde batera utzita, nire sarrera honen helburua bestelakoa da: La Pepak hurrengo urteetan euskarazko testuetan utzi zituen lekukotasun batzuk aurkeztea.

Jakina denez, Cadizko konstituzioa denbora laburrean egon zen indarrean, eta hiru alditan banatu zen haren iraunaldia (1812-1814, 1820-1823 eta 1836-1837). Ezagutzen ditudan euskal testu guztiak bigarren aldiari dagozkio, 1820-1823 bitarteko hirurteko liberalari alegia.

Guztira lau testu dira. Gaurko sarreran lehenengo bi testuak aurkeztuko ditut, hurrengo baterako utziz behean aipatzen ditudan beste biak.

1. Jaquin-bide Iritarautia Españiaco Neurquidaren edo Constitucio berriaren erara adrezatua Erritarren arguidoraraco, gazteen icasbideraco, eta Escola-maisuen usoraco. Erderatic Eusquerara itzuli du Apez Vicario Dr.D.J.F.A. Guipuztarrac. 1820n urtean

Cadizko konstituzioa herritarrei azaltzeko idatzi zen liburuxka baten euskarazko itzulpena da, Jose Feliz Amundarain apaiz zegamarrak 1820an egina. Eskuizkribuak 55 orri ditu. Migel Zumalakarregi orduko Auzitegi Goreneko kideari —eta Tomas Zumalakarregi jeneral karlistaren anaiari— egindako eskaintza batekin hasten da eta, gero, testua galde-erantzunetan antolatuta dago, katexima baten modura, antza denez umeei eskolan konstituzioa azaltzeko (Urrutia eta Gallastegi 2001: 408).

Juan San Martinek eman zuen euskarazko eskuizkribuaren berri, 1987an Euskera aldizkarian argitaratutako artikulu batean, eta Angel Ibisatek euskarazko itzultzailearen izena eta gaztelaniazko iturria identifikatu zituen artikulu banatan (Ibisate 1992 eta 1994).

Ararteko zelarik, San Martinek eskuizkribuaren argitalpen faksimile bat atera zuen eta, Egan aldizkariko 1998ko artikulu batean, San Martinek egileari buruzko zertzelada batzuk erantsi zituen.

1998ko urte horretan bertan Jose Feliz Amundarainen biografia ondo dokumentatu batek Gerriko saria irabazi zuen eta katexima politikoaren itzultzaileari buruzko informazio ugari eskaini zuen (Idiakez et al. 1998).

Amundarainen lan honetan, hizpide ditudan gainerakoetan bezala, oso nabarmena da Larramendiren eragina, batik bat hiztegi juridikoari dagokionez, Urrutiak eta Gallastegik (2008) aztertu duten bezala. Ezin zen bestela izan, artean Larramendiren hiztegia baitzen halako gai jaso bati buruz euskal lexikoa aurkitzeko iturri bakarra.

ETBko gaurko albistegietan Jaquin-bide Iritarautia aipatu dute, nahiz eta Cadizko konstituzioaren “itzulpena edo egokitzapena” dela esan duten (gaztelaniazko Teleberrin “traducción”, zuzen-zuzenean).

2. 1820ko araudi baten euskarazko itzulpena

Nik dakidala, testu hau ez da oraindik osorik argitaratu. Andres Urrutiak eta César Gallastegik eman zuten ezagutzera 2001ean Euskaltzaindiaren XV. biltzarrean (Urrutia & Gallastegi 2008: 408) eta geroago Gallastegik berak aipatzen du beste lan batean (Gallastegi 2004: 41).

Jose Feliz Amundarain da bigarren testu honen egilea ere. Urrutiak eta Gallastegik diotenez, Hego Euskal Herrian euskarara itzulitako lehenengo lege testu osoa da, 82 artikuluz osatua.

Felipe VII.a erregeak 1820ko udan ateratako arautegi hartan Penintsulan eta inguruko uharteetan miliziak herriz herri sortzea agintzen zen, baita 18 urtetik 50 urte bitarteko gizon guztiek milizia horietan zerbitzatu behar zutela ere.

3. Españiaco uritar constitucionalen Cartilla civilla (Tolosa, 1820)

4. Cadizko konstituzioaren aldeko sermoi politikoa (1820, apud Gallastegi 2004)

Bibliografia:

  • [Amundarain, Jose Feliz], 1991, Jaquin-bide Iritarautia Españiaco Neurquidaren edo Constitucio berriaren erara adrezatua, Erritarren arguidoraraco, Gazteen icas bideraco, eta Escola-maisuen usoraco. Erderatic Eusquerara itzuli du Apez Vicario Dr.D.J.F.A. Guipuztarrac. 1820. urtean, Vitoria-Gasteiz: Ararteko & Eusko Legebiltzarra-Parlamento Vasco. [Argit. faksim.]
  • Gallastegi, César, 2004, “Cadizko Konstituzioaren aldeko sermoia euskaraz” [PDF], Karmel 2004-1, 39-58.
  • Ibisate Lozares, Angel, 1992, “El original castellano del Jaquinbide Iritarautia del Dr. D. J. F. A”, Scriptorium victoriense 39:1, 222-227.
  • Ibisate Lozares, Angel, 1994, “El doctor Don José Feliz Amundaraín (Cegama 1755-Mutiloa 1825), autor del Jaquinbide Iritarautia (1820)”, Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 50:1, 159-169.
  • Idiakez, Antton, Pello Aranburu, Marian Bidegain eta Iñaki
    Rezola, 1998, Jose Felix Amundarain Muxika (Zegama, 1755-Mutiloa, 1825), Goierriko Euskal idazle ezezaguna, Lazkao: Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea.
  • San Martin, Juan, 1987, “Cadizko konstituzioa euskaraz 1820”, Euskera 32:2, 393-397. [PDF]
  • San Martin, Juan, 1998, “Dr. D. Jose Feliz Amundarain Mujika eta Cadiz-ko Konstituzio euskaratuaz zenbait ohar”, Egan 1998:3, 242-244.
  • Urrutia, Andres eta César Gallastegi, 2008, “Euskarazko lexikogintza juridiko-administratiboa: Larramendiren eragina” [PDF], in Euskalgintza XXI. mendeari buruz. XV. Biltzarra (Iker 19), Bilbo & Baiona: Euskaltzaindia, 399-469.
Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia. Gorde lotura.

15 Responses to Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (1)

  1. egilea: Ekaitz

    Oso interesgarria, Ricardo!

    Gauza bat baino ez: huts txiki bat; 1802 izan beharrean 1812 duk, ezta?

  2. egilea: Blanca Urgell

    Oso interesgarria, benetan. Noizko beste biak? 🙂

  3. egilea: Pruden Gartzia

    Mila esker Rikardo, bide beretik segi!
    Ez dakit zenbat irakurle dituzun webgune honetan, baina batzuk behintzat irrikitan egoten gara horrelako artikuluak irakurtzeko.

  4. egilea: Ricardo Gómez

    Mila esker hiruroi! Hurrengoak laster etorriko dira, espero dut, bestelako zereginek tartetxo bat uzten didatenean.

    Urtea zuzenduta, Ekaitz. Eskerrik asko abisuagatik!

  5. egilea: pep

    Bon dia,

    Tolosako testuari buruz duda txiki bat dut:

    “vicitcea” y compañía se escriben con “v” por razones etimológicas supongo, pero hay algún motivo para escribir “gaVe”, “jaVe” o “Viotz”?

  6. egilea: Ricardo Gómez

    Pep: nire ustez, arrazoia da testua idatzita dagoela grafia erabat arautu edo estandarizatu bat erabili gabe. Garai hartarako zenbait urrats eman ziren, baina oraindik duda-muda asko islatzen ziren euskaraz idazten zuten hainbaten testuetan.

    Esate baterako, ohar zaitez zuk aipatutako hitzetatik “gave”-rekin batera “gabe” ere agertzen dela testuan, baita “jave” eta “jabe” ere.

  7. egilea: Beñat

    Kaixo Rikardo,
    Interes handiz jarraitzen dut zure bloga. Oraingoan, baina, ez nator zure azken sarrerari buruzko kontuekin -oso interesgarria, portzierto-, Eduardo Gil Beraren blogean topatu dudan kontu bitxi batekin baizik. Hara:

    “(…) Y no es por aguar la piedra con latines, pero aizkora (hacha) viene de asciola (hachuela), y aitzurra (azada) de hastula (lanzuela), mientras aizto (cuchillo) es diminutivo de lo mismo: has(tula)to. También el nombre vasco de la hoz viene del latín: de falcitari (cortar con hoz) > aigitai > egitai > igitai. Y, para más despeñe, también los nombres vascos de los metales son latinos: burdin (hierro), con la sonorización de las sordas típica del vasco, deriva de pyritis que significa marcasita, mena de hierro. Ya ves, todo ha sido una lástima”.

    Gil Bera aspalditik dabil halako kontuekin, esaten du euskara dela akitaniarrek hitz egiten zuten latina, edo halako zerbait… Filologian oso jantzia ez dagoen honek zalantza egiten du halakoetan: Gil Bera hau oinarri sendoz ari den ala frankotiradore-zirikatzaile gisa… Zer iruditzen zeuri? Honatx lotura, artikulu osoa -El peñazo- irakurtzeko:

    http://www.elboomeran.com/blog/661/blog-de-eduardo-gil-bera/

    Eskerrik asko eta barka atrebentzia.

  8. egilea: Pruden Gartzia

    Harrigarria! Neuk duela hiru egun irakurri nuen Gil Beraren sarrera hori (“El peñazo”) eta Twitter-en aipatu… Baina gogoan dut hiruzpalau erantzun zituela, oso tonu adeitsuan baina argudio oso sendoak emanez bere teoriaren kontra.

    Harriagarria da zeren orain sartu naiz berriro eta komentario horiek guztiak desagertu dira. Eta, gainera, saiatu naiz nire Twitter estekatik sartzen eta akatsa ematen dit!

    Ni Gil Beraren irakurle, jarraitzaile eta miresle izan naiz urteetan, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Jakina, beti ez nator berarekin bat, eta abar. Baina miresten dut. Gaur, ordea, oso harrituta geratu naiz.

  9. egilea: Blanca Urgell

    Beñat:
    Gil Berak ematen dituen latin etimologietatik zenbait ziurrak dira (aizkora, esate baterako), baina besteak esango nuke okerrak direla (burdina iruditzen zait handiena).

  10. egilea: Ricardo Gómez

    Beñat:

    Erantzuna idazten ari nintzela, Blancarena agertu da. Guztiz ados nago harekin, baina saiatuko naiz datu batzuk gehitzen. Bide batez, ez nekien Gil Berak blog bat zuenik; ikusten dut Pruden ni baino jantziago dagoela horretan.

    Hain juxtu gaurko eskolan hitz egin dugu ustez (h)aitz- osagaia duten “Harri Aroko euskal hitzez”. Haien artean, Gil Berak ere aipatzen duen aizkora < lat. asciola etimologia onartuta dago, ohiko astarloatarrak-eta alde batera utzita.

    Gil Berak aipatzen dituen gainerako etimologiei dagokienez, bi arazo orokor ikusten dizkiet:

    1. Gil Berak ez ditu euskal hitzen aldaerak aintzat hartzen, haietatik zerbait jakin dezakegulako hitz horien forma zaharrez. Adibidez, erronkarieraz aizto-k diptongo sudurkaria zuen eta aiztur hitzaren aldaera aizter zen, hau ere diptongo sudurkariarekin; bestalde, OEH kontsultatuz gero, ikus daiteke aiztur-ek beste zenbait aldaera sudurkaridun dituela. Honek guztiak Gil Berak proposatzen dituen etimologietatik arras urruntzen ditu, garai batean segurua delako hitz horietan /n/ bat zegoela.

    2. Gil Berak proposatzen dituen etimologietan latinetik euskarara pasatzeko beharko liratekeen aldaketa fonologikoak esplikatu beharko lituzke. Blancak iradokitzen duen bezala, azal diezadatela nola pasatzen den pyritis hitzetik burdina-ra (ezen ez burdin-era.

    P.S.: “Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan” artikuluaren bigarren (eta azken) zatia laster argitaratuko dut, datu pare bat egiaztatu behar baitut. Bien bitartean, atzo aurkeztu zen Dokuklik artxiboen datu-basean euskarazko sermoi politikoaren eskuizkribua digitalizaturik aurkitu dut.

  11. egilea: Kapittanttan

    Menesesiarrak alde batetik, Gilberiarrak bertzetik… atarramendu onik ez!

  12. egilea: Beñat

    Eskerrik asko Pruden, Blanca eta Ricardo, zuen erantzunengatik. Egia esanda, etimologiaz eta kontu fonologikoez ezer gutxi dakit baina uste dut harrapatu dudala Ricardok dioena gutxi gorabehera.
    Bestalde, Gil Berak idatzitako artikulu sorta hau ere irakurtzea gomendatzen dizuet:

    http://www.elboomeran.com/blog/661/eduardo-gil-bera/70/

    Kontua da Gil Berak ematen dituen azalpenak handi xamar geratzen zaizkidala niri, eta gauzak esaten dituen sendotasun horrekin esanda, ba sinisgarria dirudiela, batez ere arlo filologikora mugatzen denean. Hala ere, filologia hutsetik haragoko intentzionalitatea ere oso du agerikoa, alegia, euskararen antzinatasunaren, garbitasunaren… eta abarrekoen mitoa lurreratzekoa (hori bista-bistakoa da “El peñazo” artikuluan). Eta hor bai galtzen duela, nire ustez bederen, sinesgarritasuna. Ez dakit, batzuetan iruditzen zait Gil Bera dela Naberanen antitesia. Naberanek euskara eta euskararen eragina leku guztietan ikusten duen moduan, Gil Berak juxtu kontrakoa diosku: ustezko euskal hitzik garbienak ere latinetik datozela.
    Dena dela ere, ongi deritzot ikuspegi idealizatuak eta mitoak apurtzeari eta munduko hizkuntzarik zaharrena edukitzearen erantzukizun pisua gure gainetik kentzeari. Azken batean, gizakiok gure dimentsio guztietan baikara, Gil Berak dioen legez, meztizajearen emaitza.

  13. Pingback: Cadizko konstituzioa euskarazko testuetan (eta 2) | FiloBlogia

  14. egilea: Eduardo

    Egun on, Ricardo eta konpainia: afizione pixkot baldin baduzue explikatzen ahal dizuet aldaketa fonologika bakarren bat:
    1. Falcitari euskaratzearekin /f/ desagertzen da lehenik.
    2. Ohartu gero /c/ horren asotsa latinez /k/ dela eta euskaraz alk > alg > aig bihurkera dugula.
    Burdinari buruz: ‘sonorización de sordas’ delako horrek erran nahi du PRT euskaraz BRD bihurtzen dela.
    Azkenean, ohartu ‘pyritis’en /y/ horrek /ü/ asotsa zuela, euskaraz /u/, eta ondarreko /s/ mutua edota n ematen duela. Konpara bedi adibidez saltus > zaldun(bide) toponimoan… Goraintziak

Erantzunak itxita daude.