Aste oparoa datorkigu Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean, astelehenean Céline Mounoleren tesi defentsa izango dela iragarri banuen, jakin berri baitut asteartean Iñigo Arteatxek berea defendatuko duela:
- Izenburua: “Euskarazko egitura jokatugabeak: -t(z)en morfemadun perpaus osagarrien azterketa sintaktikoa”
- Zuzendaria: Xabier Artiagoitia
- Eguna: abenduaren 13a
- Ordua: 11:00
- Lekua: Gasteizko Letren Fakultateko Gradu Aretoa
Mezuak



Kaixo Ricardo:
zalantza bat daukat, ez nekien nora jo, eta horra ausardia
ohiko eldarnio etimologikotzat joko duzu beharbada, baina idatziz azalduko dizut badaezpada ere susmoa ekarri duen arrazoibidea:
Spinoza gaztelaniaz Espinosa da, espino edo elorri ugari dagoen tokia
Esanahi bera dute euskaraz Elosegi, Elortza, Elordi, Elordui, Elortegi eta abarrek
Dirudienez, Spinoza-tarrei (filosofoaren arbasoei) Espinosa de los Monterosetik zetorkien abizena, Burgos iparraldeko herritik, Bizkaitik eta Arabatik oso hurbil
Euskaraz, -za (edo -sa) ugaritasuna da, Urkiza, Elortza, Lizartza
Baina ez bakarrik landareei dagokiena: Armintza “Hare-muino-tza”tik dator, harea-muino edo duna ugari dagoen tokia
Gaztelaniako “zarza” antzina “zartza” zen, portugesez ere bai; ez zaio jatorri zehatzik ezagutzen, baina Corominasek uste du “sasi-sartzi”rekin lotura duela (bost-bortz, bestalde-bertzalde, sasi-sartzi)
Gaztelaniaz -osa atzizkiak gutxitan adierazten du ugaritasuna: Espinosa, “hinojosa”…; aitzitik, latinetik datorren “-oso”k kasu pilo batean
Badago adibideren bat, erakusten duena -za euskal atzizkia latindar erro bati itsatsirik?
Ba ote da loturarik euskal “-za”ren eta gaztelaniazko “-sa”ren artean? Zer nolako lotura?
Eskerrik asko aldez aurretik, eta bat ere jaramonik egingo ez bazenit primeran ulertuko nuke
Kaixo, Markos:
Ez naiz toponimian aditua inondik ere, baina esango nuke Espinosa hitz guztiz latindar edo erromanikoa dela, erro eta atzizki.
Batetik, atzizkia ez litzateke -sa izango, -osa baizik, zenbait adibidek argi erakusten duten bezala: esaterako, berza –> Berzosa, ortiga –> Ortigosa, etab.). Horrrenbestez, euskarazkoarekiko antzekotasuna areago urruntzen da.
Bestalde, ez dira hain gutxi -osa atzizkia duten gaztelaniazko toponimoak, zuk aipatu Espinosa eta Hinojosaz gain: Berzosa, Carrizosa, Fontesa Fresnosa, Juncosa, Panticosa, Pedrosa, Reinosa (?), Silvosa, Zarzosa, etab.
Hala ere, ez nago seguru zeren arabera ezartzen zitzaien toponimoei atzizki maskulinoa edo femeninoa (erromanistei galdetu beharko), baina baliteke toponimo moztuen aurrean egotea, non batzuetan jatorriz izen maskulino baten adjektiboak ziren (demagun, lugar Espinoso) eta beste batzuetan izen femenino batenak (demagun, villa Espinosa).
Ba al dago toponimia erromanikoan aditurik irakuleen artean?
Mila esker, Ricardo, zure erantzun argigarri bezain aberatsarengatik!