Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda

Atzoko hedabideetan eta sarean erruz azaldu zenez, Codex Calixtinus XII. mendeko eskuizkribu irudiztatua lapurtu dute Santiagoko katedralean.

Ezbairik gabe, kodizearen balioa ikaragarria da eta bertan idatzita dagoen Liber Sancti Iacobi ‘Done Jakueren liburua’ izeneko obra garrantzi handikoa da Erdi Aroko literatura, musika eta historiarako. Horregatik, haren lapurreta oso berri txarra izan da (ez dakit baten batek adierazi duen beste, baina tira).

Hala ere, euskararen historia txikiarentzat ere testu esanguratsua dugu, bertan biltzen baita lehenengo euskal hitzen zerrenda (laburra bada ere), Aymeric Picaud erromes frantsesak Done Jakue bidea egiten ari zela Euskal Herritik igarotzean bildua.

Done Jakue bidea (CC-BY Jule_Berlin)

Liber Sancti Iacobi-k Done Jakue apostoluaren gaineko zenbait testu biltzen ditu, bost liburu eta bi eranskinetan banatuak, eta gaur egun zenbait eskuizkributan jasoak, nahiz eta lapurtutako Codex Calixtinus delakoa eskuizkribu horietatik guztietatik ezagutzen den zaharrena dela pentsatzen den (zaharrena bai, baina ez jatorrizkoa, hura ere kopia bat delako, antza denez). Euskal hitzen zerrenda Liber peregrinationis ‘Erromesaren liburua’ izenburua duen V. liburuan agertzen da.

V. liburuaren 7. kapitulua Gidor Bilbaok argitaratu zuen 1994an Uztaro aldizkarian, testuaren latinezko jatorrizko betsioa eta euskarazko itzulpena eskainiz. Urretxu-Zumarragako Ostadar Mendi Taldeak ere kapitulu horren euskarazko itzulpena argitaratu zuen sarean 2008an, berriki Sustatun utzitako erantzun bati esker jakin dudanez.

Horiezaz gain, Aymeric Picauden hitz zerrenda, besteak beste, Koldo Mitxelenak aztertu zuen Textos Arcaicos Vascos liburuan (1964),  eta hortik hartu zen Klasikoen gordailuan ematen duten testua. Blanca Urgellek ere aztertu zuen frantziar erromesaren hitz zerrenda, Euskal Lexikografia irakaskuntza proiektu argitaragabean (UPV/EHU, 2002). Hurrengo lerroetan, batik bat azken lan horretan oinarrituko naiz.

Euskal lexikografiaren historian Aymeric Picaudena baino zaharrago den lekukotasun bakarra Donemiliagako glosak dira (glosak baitira genero lexikografiko xumeena). Beraz, Picaudena geroago XV. mende amaieratik aurrera agertuko ziren atzerritar bidaiariek bildutako euskal hitz zerrenden aitzindaria dugu:

Lexikografiaren ikuspegitik, eta baita euskararen historiarako ere, Picauden zerrendak datu markagarri batzuk ematen dizkigu. Esaterako, biltzen dituen euskarazko 18 hitzetatik, 7 mugagabean daude (“panem ogui, uinum ardum, carnem aragui, piscem araign […] tricticum gari“) eta gainerakoak mugatuak, izen bereziak eta partitibo bat (“aquam uric“) dira.

Honek aditzera ematen digu XII. mendean, ziurrenik, euskaraz hitz bat aipatzerakoan (oraindik) mugagabea erabil zitekeela, nahiz eta ordurako mugatua ere baliatzen hasia zen. Kontuan izan, XV. mende amaieratik aurrera hurrengo euskal lan lexikografikoak idazten direnean, bai Hegoaldean eta bai Iparraldean eta ia salbuespenik gabe, izenkien forma mugatua erabili izan zela, XIX. mendearen bigarren erdia arte, euskaraz izenak aipatzeko ohiko era mugatua zelako, hain zuzen ere.

Picauden hiztegitxoa, hurrengo bidaiari gehienenak bezala, arlo semantiko jakin batzuetara mugatzen da, funtsean helburu praktikoa zutelako: ostatua, jan-edanak, jantziak eta, nola ez, erlijio kontuak. Izan ere, Europa guztian bezala, horrelako zerrenda asko, baita hurrengo mendeetan gaika antolatutako zenbait hiztegi ere, eskema teozentriko baten arabera antolatzen ziren, zerrendako lehenengo hitza Jaungoikoari dagokiona edo antzeko bat izanik: “Deum uocant Urcia“.

Baina honek maiz aipatu den beste arazo batera eramaten gaitu: Urtzi deitzen zioten benetan antzinako euskaldunek Jaungoikoari? Halaxe pentsatu dute ikertzaile batzuek; aldiz, oso litekeena da hitz horrekin Picauden berriemaileak ‘zerua’ esan nahi izatea. Izan ere, nola adierazi ahal zieten bidaiari hauek beren berriemaile euskaldunei zein hitz esatea nahi zuten? Euskaraz ez jakin, berriemaileak latinez ere ez, eta, ezinbestean, keinuka edota objektuak seinalatuz moldatu behar. Beraz, imajina dezagun Aymeric bere berriemaileari ‘Jaungoikoa’ euskaraz nola deitzen zion esanarazi nahian; beharbada beste ahalegin batzuen ondoren, zerua hatzamarraz erakutsiko zion eta, zas!, berriemaileak “urtzia” esan, ‘zerua’ noski.

Halako gaizki-ulertuak ugari dira mota honetako hitz zerrendetan. Esaterako, Francis Willughby naturalista ingelesak 1664an ondu zuen latina-proventzera-gaztelania-arabiera-euskara hiztegian (bide batez, hau ere eskema teozentrikoaren arabera antolatua) adibide polit asko ditugu, hala nola:

  • Ver ‘udaberri’ – martia, hots “martxoa”
  • Oblivio ‘ahazte’ – astugat, hots “ahaztu zait”
  • Surditas ‘gorreria’ – estancut, hau da “ez dantzut”
  • Perfidia ‘zitalkeria, traizio’ – vnecostutendaqui “honek osten daki”
  • Volare ‘hegan egin’ – banoacareraca/ynnesinoa “banoa karreraka / ihesi noa”
  • Difficile ‘zail’ – arerioa
  • Plenum ‘bete(ta)’ – betedagosabela “bete dago sabela”
  • Separare ‘banandu, bereizi’ – vatdoabatetibestabat/eti, ziurrenik “bat doa batetik beste batetik”
  • Nos ‘gu’ – emengara

Eta beste hainbat, baten batzuk benetan bitxiak:

  • Mas ‘ar’ – guestoa
  • Faemina ‘eme’ – guestotaeguiten

Amaitzeko, itzul gaitezen Aymeric Picauden testura, eta ikusiko dugu erromesak ez zuela euskaldunei ez euskarari buruz oso iritzi ona, inondik ere!:

Zinez itsusi janzten dira eta itsusi jan eta edaten dute. Nafar etxeko guzti-guztiek, hala jopuak nola ugazabak, hala neskameak nola ugazabandreak, jateko guztia lapiko bakarrean nahasita jan ohi dute, koilararekin barik bakoitzak bere eskueekin, eta edan edalontzi bakarretik edaten dute. Jaten ikusiko bazenitu, jaten ari diren txakur edo txerritzat hartuko zenituzke.

Berbetan entzungo bazenitu, adausika ari diren txakurrekin oroituko zinateke, hizkuntza erabat basatia baitute… (G. Bilbaoren itz., 75. or.)

Argibide gehiago:

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia, Hiztegigintza. Gorde lotura.

19 erantzun Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda-ri

  1. egilea: OIer A.

    Oso argigarria Ricardo, mila esker! Aymeric Picaud-i buruz nuen irudia -euskaldunok zabar deskribatu gintuen erromesa- osatzen lagundu didazu. Erromes exijenteaz gain, euskararen lehen hiztegigile ezaguna. Eta gaizki-ulertu baten ondorioz Ortzi jainkotu izanaren ere erantzulea. Oso polita! Joño, ez naiz pozten Codex Calistinux-a lapurretaz, baina hara, horiei esker apurtxo bat ikasi dugu batzuk!

  2. egilea: Iban arantzabal

    Oso intetesgarria. Eskerrik asko!!

    [WORDPRESS HASHCASH] The poster sent us ‘0 which is not a hashcash value.

  3. egilea: Borja

    Niretzat harrigarriena izan da Berria-k eta EITB-k euskarazko hitzen aipurik batere ez egitea…

  4. egilea: Borja

    Barkatu, Berrian (orain, lehenago ez) aipatzen dira hitzak, baina, hala ere, ez zaie nire ustez euskal hedabide batean eskaini behar litzaiekeen tartea eskaintzen, azken esaldian: “Nafarroatik pasa zireneko pasadizoak eta euskarazko hitzak ere biltzen ditu obrak.” ¬¬’

  5. egilea: Inaki Zugasti

    INTERESANTEA benetan.
    Oso hizkuntza itsusia …
    … Kastellazzo non ote zen?
    … ze lapikotan pilpilean? …
    … nobleek beti noble ziren eta darrai!

  6. egilea: Mikel

    Eta zertarako izan nahi ote du norbaitek Codex Calixtinus-a bere etxean?

  7. Profile photo of Ricardo Gómez egilea: Ricardo Gómez

    Mikel: torero hark (batzuek diotenez, “El Gallo”; bestek, “Guerrita”) esan zuen bezala, “Hay gente pa’tó”.

  8. Pingback: adausi « Gaurko hitza

  9. egilea: Jorge Etxague

    Mitxelenari berari jarraikiz, nahiko xelebrea egiten zait kontu hori, Picaud koitadua imintzioka eta keinuka ibili zela gauzen izenak jakin nahian. Euskaldun guztiak ez ziren izango nekazari elebakar ezjakinak: garai bertsuan agirietan ageri diren euskal izenak latinez nahiz erromantzez glosatu ohi zuten elizgizonek ongitxo jakingo zuten nola esan “jaungoikoa” euskaraz. Asisko Urmenetaren “Gartxot” komikian, protagonistetako batek (abade frantziar ezin gaiztagoa berau, Picauden ezpalekoa, seguru aski) Orreagako fraide bati galdetzen dio ea zer demontre esan nahi duen “Orierriaga rusticus vocabulus” delakoak, eta besteak arazorik gabe itzultzen dio latinez. Barkatu komiki fribolo bat aipatu izanaren atrebentzia barkaezina, baina uste dut hor artistaren intuizioa XII. mendeko errealitatetik hurbilago dagoela hipotesi xelebre hori baino… Bestalde, Picaud-ek batutako hiztegitxoa oso zuzena da: ez zait batere zaila egiten balizko elkarrizketa imajinatzen, Picaud-en eta Oztabartze, Orreaga edo Iratxeko fraide baten artekoa: “Frater meus carissime, quo modo vocant Deum dominum nostrum barbari isti? – Rustico vocabulo utuntur navarri: Deum vocant Urcia…”.
    P.D. Komikia buruz aipatu dut, eta ez naiz gogoratzen eszena hori Campionen nobelatxoan ere azaltzen den, orain ez baitut eskura ez bata, ez bestea, baina gogoan ondo daukat pasarte hori.

    • Profile photo of Ricardo Gómez egilea: Ricardo Gómez

      Jorge: Baliteke gauzak zuk planteatu bezala gertatu izana, baina baita bestela ere. Zoritxarrez, Picaudek ez digu bere berriemaileari/ei buruzko informaziorik utzi.

      Aldiz, sarreran aipatzen dudan Willughbyren kasuan, berak esaten digu bere berriemailea “a Boy that came from a Village near Bilbo” izan zela (apud Trask & Coates 2006: 341). Bilboraino hurbiltzea zuen, noski, eta hor latinez edota ingelesez zekien norbait bilatu, baina ez zuen halakorik egin.

      Hala ere, hasieran esan dudanez, Picauden kasuan zuk diozun bezala gerta zitekeen, nork daki… (Jainkoaren bideak ezin asmatuzkoak dira, Donejakue bidea barne ;-))

      • egilea: Jorge Etxague

        Arrazoi duzu, Ricardo; izan ere, halakoetan Platonek “Fedro”-n dioenaz gogoratu ohi naiz: idazkunak esfingeak bezalakoak dira, diotena diote, eta kito. Gero, guk galderak egin, baina haiek erantzunik ez…

  10. Pingback: Euskararen jatorria » Blog Archive » Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda

  11. Pingback: Codex Calixtinus eta euskara: Aymeric Picaud-en hitz zerrenda | FiloBlogia | Euskara | Scoop.it

  12. egilea: pep

    disculpad si escribo erderaz, kataluniarra nauzue eta,
    los nombres que en la lista de Picaud aparecen sin artículo serían los incontables ezta? Los que podrían llevar un partitivo (como de hecho urik) como en francés: du pain, de l´eau..?
    Sobre el tema ortzi probablemente ya conoceís la entrada de Trask en su inacabado diccionario etimológico, es de las más completas.

    yo también creo posible que Picaud hablara con alguien de un cierto nivel cultural. En todo caso, si no fue así, es casi divertido imaginarse al monje poitevino “rebajándose” a hablar con un ser al que consideraba semi-salvaje, con el peligro de ser olfateado en lugar de escuchado..

  13. Profile photo of Ricardo Gómez egilea: Ricardo Gómez

    Kaixo, Pep: [Te escribo mi respuesta en euskera porque veo que eres capaz de leer y entenderlo. Si no es así, dímelo y te lo traduzco]

    Arrazoia duzu! Zerrendan artikulurik gabe agertzen diren izen guztiak zenbakaitzak dira (ogui, ardum, aragui, arraign eta gari); edo izen bereziak, noski.

    Nire ustez, horrek erakusten duena da XII. mendeko euskaran artikuluaren hedapena oraindik orokortu gabe zegoela eta, normala denez, artikulua lehenago hedatu zen izen zebakarrietara, zenbakaitzetara baino.

    Joera horri buruz interesa duenak irakur ditzake Julen Manterolaren lanak, batik bat hauek:

    Manterola Agirre, Julen, 2006, “-a euskal artikulu definituaren gainean zenbait ohar”, ASJU 40:1/2, 651-676. (= J. A. Lakarra & J. I. Hualde (arg.), Studies in Basque and Historical Linguistics in memoriam of R. L. Trask – R. L. Trasken oroitzapenetan ikerketak Euskalaritzaz eta Hizkuntzalaritza Historikoaz).

    Manterola Agirre, Julen, 2011, “-a morfemaren erabilera (eza) ekialdeko euskaretan”, in J. Gorrochategui, J. A. Lakarra & B. Urgell (arg.), K. Mitxelena Katedraren II. Biltzarra (Gasteiz, X/2007), Vitoria-Gasteiz: UPV/EHU.

    Bigarrena laster kaleratuko da, baina bitartean zirriborroa Artxikerren eskura daiteke: http://artxiker.ccsd.cnrs.fr/artxibo-00352804/eu/

    Bestalde, Trasken hiztegi etimologikoa ezagutzen dut, bai. Haren berri aspaldi eman nuen blog honetan, sarean argitaratu zenean: Trasken Etymological Dictionary of Basque sarean argitaratu da.

  14. egilea: pep

    Gracias Ricardo. Yo conocía los escritos que citas indirectamente, a través de los de Mikel Martínez Areta.
    La cuestión del artículo en euskera es muy interesante. De hecho en la segunda frase de tu respuesta hay una expresión que desde que empecé a estudiar la lengua me ha traido quebraderos de cabeza: nola demontre esaten da, “arrazoi” edo “arrazoi-a duzu”? me he preguntado más de una vez

    Ya ves, por una simple -a ;-)

  15. egilea: xme

    Pep:
    Bi eratara esaten da: “arrazoi duzu” eta “arrazoia duzu”; badirudi lehena zaharragoa dela; gaur egun “arrazoia daukazu” ere entzuten da, baina “eduki” aditzaren gehiegizko hedatzearen adibidetzat hartu dezakegu.
    Bestalde, kontzeptu hori adierazteko beste bide bat ere erabili izan da, “zuzen zaude / oker zaude” (ingelesaren bidetik: you’re right/wrong)

  16. egilea: pep

    Eskerrik asko hire informazioarengatik xme

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


+ 2 = 8

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>