Iruña-Veleiako euskararen azterketaz-eta

Azken asteotan, iritzi berriak plazaratu dira Iruña-Veleiako idazkunetan agertzen den euskara dela-eta. Saiatu naiz nire lotura deliciousetan biltzen, baina uste dut batzuei buruz zerbaitxo esan behar dela.

Otsailaren hasierarekin eztabaida interesgarria piztu zen Urtzi Regueroren "Euskara gazteleraren ama?" artikuluaren harira, non Ribero Menesesen "filologiaren" kontra argudiatzen zuen. Artikulua filokolarpea blogean, Tolosaldeko Hitza-n, erabili.com-en eta, azkenik, Berrian argitaratu zen; bestalde, Sustatun eztabaida pixka bat sorrarazi zuen.

Urtziren artikuluak laster izan zuen Agiñalde Kultur Elkartekoen erantzuna "Latina gazteleraren ama?" artikuluaren bidez, Tolosaldeko Hitza-n eta erabili.com-en argitaratua. Bertan, Ribero Menesesen lanen alde egiteaz gain, filologia berez ez dela fidagarria eta, horregatik, beste jakintza batzuen laguntza behar duela adierazten zuten. Jakina (eta hau neuk diot), iritzi horren aldekoek ez bide dute gauza bera pentsatzen gainerako jakintzei buruz eta ematen du pentsatzen dutela gainerako jakintzak guztik fidagarriak direla eta ez dutela hutserako zirrikiturik uzten.

Urtzi Regueroren azken erantzunean, hau ere Tolosaldeko Hitza-n eta erabili.com-en argitaratua, filologiaren beregaintasuna egoki defendatu zuen.

Hala ere, beharbada zeresan gehien izan duen ekarpena Juan Martin Elexpururen "Iruña-Veleia: seguru zaudete?" testua izan da. Elexpuruk euskarazko idazkunen faltsutasuna (guztiena behintzat) zalantzan jarri du eta azterketa alternatibo bat proposatu du, batzordekoen analisi batzuei erantzunez. Elexpururen artikulua Sustatun, erabili.com-en eta Berrian argitaratu zen, bertsio bakoitzean aldaketa txiki batzuk daudela. Bestalde, artikuluaren osagarri, Elexpuruk bere analisia PDF batean eskaini du.

Elexpururen lanak izandako erantzunen artean, Pruden Gartziarena nabarmenduko nuke; izan ere, oso ondo adierazten du zer-nolako arrazoiak egon daitezkeen Iruña-Veleiako euskarazko idazkunak egiazkoak direlakoaren alde egiteko: idazkunen benetakotasuna "euskararen defentsarekin" nahastea alegia.

Eta gaur, azkenik, Elexpuruk Koldo Mitxelena Kulturunean eman zuen hitzaldiaren lau bideo eskegi dira (1, 2, 3 eta 4).

Kuriositatez, gaur arratsaldean bideoak ikusten hasi naiz. Ezin izan dut bigarrenetik aurrera jarraitu. Bigarren bideo horren amaieran, 9:42 segunduan hasita, Elexpuruk esaten du idazkun batean ZUTIK irakurtzen dela, baina berehala gehitzen du benetan ZUTI irakurtzen dela, <K> ez delako ikusten eta pena aurpegia jartzen du falta horregatik; segidan, eskatzen du ea ostrakon horren argazkia ikus daitekeen, <K> dagoen ala ez ziurtatzeko.

Nahikoa eta soberan izan dut bere analisiaren zehaztasunaz konturatzeko.

Eta, orain, euskal filologoa izateko ohorezko CCC agiria eskuratu ahalko duzue galdera honi erantzunez gero: Zenbat oker egiten ditu Elexpuruk azken segundu horietan?

15924.jpg

Kategoria: Euskara, Euskararen_historia, Filologia. Gorde lotura.

8 Responses to Iruña-Veleiako euskararen azterketaz-eta

  1. egilea: Borja

    Nik esango nuke ZUTIR jartzen duela… eta gainera ZUTIK ezinezkoa da, -IK hori ezin baitaiteke oso zaharra izan; -I edo gehienez ere -IKA behar luke (ez natzaio hasiko Elexpururi zergatia esplikatzen). Ezta?

    Dena den, ez da hori larriena, baizik eta nola “deusezten” dituen Lakarraren frogak, ezertxo ere azaldu gabe, inolako argudio/metodo filologiko-linguistikorik gabe, “niri ez zait hain harrigarria iruditzen” edo “zergatik ez?” bezalako esaldiez ikusleengan duda izpiren bat sortu asmoz eta horren esperantzan…

  2. egilea: Karmele

    Koldo Mitxelenako hitzaldietan egon nintzen ni eta zilegi iruditzen zait eskatzen zutena, Iruña Veleiako auzia behingoz argitzea. Baina Juan Martin Elexpururen azalpenak lotsagarriak iruditu zitzaizkidan niri: ordenarik gabe, nahi zuena irakurtzen nahi zuen tokian argudiorik gabe edo “eta beste horrelako gauza pila bat” bezalako argudioekin. Denok sinetsi nahi genuen, baina ez bada ez da, eta kito.

  3. egilea: Pruden Gartzia

    Eskerrik asko aipuagatik, Ricardo. Nire erantzuna Erabili web gunean dago, Elexpururen artikuluaren ondoren:
    http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1234784400

    Ez dut hor esandakoa hemen errepikatuko.

    Bai beste ideia pare bat: kontu hau ez da soilik arazo filologiko bat, ez da soilik arazo akademiko bat, ez, arazo sozial bat da, nahiko konplexua gainera; horrek esplikatzen du gaiaren inguruan sortu den zurrunbilo sakon eta iraunkorra. Zeren eta, bigarrenik, ez da epe labur batean bukatuko, hori bistan da. Tamalez.

    Enfin, saia gaitezen alde ona aurkitzen: filologo eta arkeologoak komunikabideen eta bizitza kultural-sozialaren lehen planora pasatu dira, mediotan daude sarri eta askotan irudi oso positiboak transmititzen gizarteari. Tira, nire ustez ez da gauza txarra.

  4. egilea: Aitor Iglesias

    Zorionak Rikardo, nik 2,34 minutuan utzi behar izan dut.

  5. egilea: Pruden Gartzia

    Oraintxe bertan irakurri dut Diario de Noticias de Alava-n (2009-3-8, 13.or.) Aralarrek Iruña-Veleiako aferaz atera duen komunikatu luzea. Nekez eusten ahal diot sortarazi didan indignazio uholde beroari.

    Egoera honetan, ez dut ezer idatzi nahi, baina bai nire protestarik irmoena aurkeztu eta Aralarri eskatu erretira dezatela lehenbailehen zentzugabekeria lotsagarri hori. Lehenbailehen.

  6. egilea: Anonimoa

    Pruden: ez dut DNAren paperezko edizioa eta edizio digitalean ez dut zuk aipatutakoa aurkitzen (zein ataletan dago?).Dena dela, atzo irakurri ahal izan nuen komunikatu osoa Terrae Antiquae foroan. Niri, indignazioa gabe, auzo-lotsa sorrarazi zidan eta bukaerako "barullo" horrek barre pixka bat ere bai, aitortu behar dut.Gaitzerdi, argi eta garbi geratu zen komunikatuak Iñaki Aldekoa batzarkidearen iritzia besterik ez duela jasotzen:

    Preguntado sobre si ésta es la posición general de Aralar -miembro del tripartito foral-, el diputado de Juventud, Javier Aspuru, insistió en que se trata de una posición "personal" de Aldekoa y mostró su respaldo a la actuación de Cultura.

    (DNA, 2009-03-07)

  7. egilea: Pruden Gartzia

    Ricardo, barkatu lehenago ez erantzutea, esne txarra “liseritzen” egon naiz; komunikatua neuk paperezko edizioan irakurri dut, egun horretan 13. orrialdean, baina ez dut web gunean aurkitu.

    Eta auzo-lotsa aipatzen duzu zuk. Ez dakit, oraintxe irakurri dut Elexpururen elkarrizketa DVn, eta berriz ere indignazioa borborka. Aipu bakarra ekar dezadan, niri dagokidanez:

    GALDERA: Bistan da gaiak arkeologiaz harago doan dimentsioa hartu zuela hasieratik. Horren zergatien inguruko hipotesiren bat baduzu?
    ELEXPURU: Nahiago dut espekulaziotan ez sartzea, oso arriskutsua delako. Normalean, honelakoetan kalterako izaten dira espekulazioak.

    Larrua behar da “espekulazioak” “kalterako” direla esateko, jaun honek jaulki dituenak jaulki ondoren, elkarrizketa horretan bertan, urrunago joan gabe.

    Bada, bai jauna, kontu honek dimentsio sozial handia hartu du hasieratik, eta zeuri esker, zuzenean beharbada, baita dimentsio politikoa ere. Eta suari gasolina botatzen segitzen baduzu, oraindik handiagoa hartuko du, ez izan dudarik. Segi horrela eta laster beste txosten bat enkargatuko diote, adibidez, Martin Almagrori eta haren sokako beste dozena bati. Zelako barreak orduan! Edo uste duzu inori ez zaiola horrelakorik bururatuko?

    Une honetan euskaltzaleok eginbide bakarra dugu aurretik: Arabako Aldundiari eta EHUko adituei gure konfiantzazko botoa ematea. Eta, agian, otoitz egitea politikaren errotak gaia ez dezan txikitu.

  8. egilea: Ramon Ugalde

    – Juan Martin Elexpururen lana uste dut definitiboa dela, Lakarrak, Gorrrochateguik eta bere jarraitzaileek darabilten argumentatzeko modua logikaren kontrakoa da eta. Gure Aitaren berreraiketa oso ona da. Gorrochateguik eta Lakarrak egiten dutena zera da: eurak falsikadoreak balira, dakiten euskera apurrarekin(latinez ez dakite eta) nola egingo luketen falsifikazio bat balekotzat emateko.Baina Elexpuruk ondo asko frogatu du ez dutela asmatu euren interpretazioan. Erabili dituzten argumentazio guztiak(nolabait deitzearren euren aurreiritzi azientifikoei)ezeztatu egin ditu. Politena eta raperena gelditzen zaie bakarrik baina horiek ere berehala eroriko dira.
    Noiz egin behar da garbiketa akademiko bat UPVn? Europako unibertsitate “normal” batean experto horiek lizentziatura arrunt bat lortuko lukete?

Erantzunak itxita daude.