“Gaztelania primitiboaren” teoria

XVI. mende amaieratik XVIII. mendera arte, Espainian jende askok sinetsi zuen Iberiar Penintsulan gaztelania latinaren aurretik hitz egin zela, "gaztelania primitiboaren" teoria deitu izan dena. Gezurra badirudi ere, batzuek oraindik sinesten dute.

1588an Granadako Torre Turpianan berunezko kutxa bat aurkitu zen eta, haren barruan, erlikia (giza-hezur) batzuk eta pergamino bat zeuden, arabieraz, latinez eta gaztelaniaz idatzia. Pergaminoan, beste gauza batzuen artean, munduaren bukaerari buruzko profezia bat zekarren, gaztelaniaz idatzia (ustez San Joanek hebreeraz idatzia, Dionisio Aeropagitak [!!] grekerara itzulia eta, geroago, pergaminoan San Zeziliok berak gaztelaniaratua).

Pergaminoa Neron enperadorearen garaian datatu zen, K.o. I. mendean alegia, San Zezilio garai hartan hil omen zelako, martirioa pairatuz. San Zezilio Granadako lehen apezpikua izan omen zen, Santiagoren dizipulua eta Espainian ebanjelioa predikatzera bidalia.

Hurrengo urteetan, 1595etik 1599 arte, aurkikuntza gehiago egin ziren Granadako Sacromonten (hortik hartu zuen izena, hain zuzen), haien artean berunezko xafla idatzi batzuk, non dotrina katolikoaren zenbait puntu eztabaidatzen ziren eta erlijio kristauaren eta islamikoaren arteko sinkretismoaren alde jotzen zen.

Aurkikuntzei buruzko mesfidantza oso laster agertu zen eta zenbait arlotako eztabaidak sorrarazi zituen: erlijiosoak, linguistikoak eta politikoak, denak nahasiak ere bai; esate baterako, arabierazko idazkiek artean arriskuan zeuden moriskoak Penintsulan musulmanen inbasioen aurretik bazeudela bermatzen zutelako. Izan ere, gaur egun pentsatzen da, ia ziurtasun  osoz, gutxienez bi moriskok parte hartu zutela faltsifikazioetan: Alonso del Castillo eta Miguel de Luna.

Elizak aurkikuntzei eman zien babesa, Granadako orduko artzapezpiku Pedro Antonio de Castro buru nabarmena izanik. Hala, 1600 urtean, jai eta zeremonia luzeen ondoren, erlikia eta berunak ofizialki onartu ziren Granadan. Baina 1682an erlikiak faltsutzat hartu zituen Vatikanoak.

Hala ere, oraindik XVIII. mendean bazen Sacromonteko testuen jatortasuna aldarrikatzen zuenik. Horregatik Gregorio Mayansek faltsutasuna gogor salatu behar izan zuen bere Orígenes de la lengua española (1737) liburuan eta 1868an Godoy Alcántarak behin betiko argitu zuen iruzurra.

Eztabaidan sartu ziren gaietarik bat hizkuntzari zegokion. Izan ere, idazki hauetan oinarriturik, autore batzuek frogatu nahi izan zuten gaztelaniaren antzinatasuna, gaztelania ez zetorrela latinetik. Iritzi honen aldeko autore garrantzitsuena Gregorio López Madera (1574-1640) izan zen.

López Maderaren ustez, gaztelania dagoeneko apostoluen garaian mintzatzen zen eta, areago dena, Iberiar Penintsulako lehenengo hizkuntza izan zen, Babelgo 72 hizkuntzetariko bat, Penintsulara Tubalek ekarria. López Maderaren ustez, Espainian beti mintzatu izan zen gaztelaniaz eta, beraz, erromatarrak Iberiar Penintsulara etorri zirenean, latina gaztelaniarekin batera bizi izan zen. Gaztelaniak latinaren azaleko eragina jasan zuen hiztegian, baina besterik ez; hizkuntza beregaina zen, bere substantzia —hau da, morfosintaxia— gordetzen zuena ("ropa antigua" deitu zion López Maderak). Ondorioz, espainiarrek beti hitz egin izan zuten gaztelaniaz, erromatarrek ezin izan baitzieten latina inposatu.

Latinaren eta gaztelaniaren arteko antzekotasuna esplikatzeko, garaiko ideia bat erabiltzen du López Maderak, modu batera edo bestera XIX. mendera arte iraun zuen ideia bat: XV. mende bukaeran, Annio da Viterbo (Giovanni Nanni) dominiko italiarrak Espainiako antzinako historia faltsu bat asmatu zuen, benetako idazle zahar batzuen testu faltsuez baliaturik. Bertan Espainiako 24 lehen erregeen zerrenda ematen du eta, besteak beste, Tubal, Ibero, Hispalo, Hispano, Herkules Lybio, Italo Atlas, Luso, Romo eta abar aipatzen ditu. Errege hauek Espainia menperatuko zuten eta baita Italia ere. Hortik dator, López Maderaren ustetan, latinaren eta gaztelaniaren arteko antzekotasuna.

Euskal apologista batzuek, hala nola Garibaik eta Pozak, Tubalek ekarritako hizkuntza euskara izan zela adierazia zuten eta, beraz, euskara izan zela Iberiar Penintsulako lehenengo hizkuntza. López Maderak ezagutzen ditu ideia horiek eta haien kontra ere egiten du.

Interesgarria dena, López Maderak uste zuen —garai hartan eta geroago ere uste zabaldua— hizkuntzak ez zirela berez aldatzen:

resultaría por muchos argumentos ser nuestra lengua de agora la misma de mil, y mil quinientos años atrás.

Ideia zabaldua zen eta garai hartako (bakarrik?) hainbat apokriforen oinarrian dagoena (Andramendiko idazkiak, kasu).

López Maderaren ideia nagusiak —gaztelaniaren latinarekiko menpekotasunik eza eta gaztelania zuzenean Babeldik datorrelako ideia— jende askok jarraituko zituen hurrengo urteetan, besteak beste Gonzalo de Correas eta Jimenez Paton gramatikariek eta baita Quevedok ere, adibidez.

López Maderaren argudio linguistikoei haren garaikide Bernardo de Aldretek (1560-1641) erantzun zien. Aldretek askoz ere buru argiagoa zuen López Maderak baino. Aldeak alde, XIX. mendean garatu zen gramatika historiko-konparatzailearen aitzindarietariko bat dela esan izan da.

Bere lanetan Aldretek defendatu zuen gaztelaniaren jatorria latin "endekatua" izan zela. Hau ere ideia zaharra zen; lehenago esan dudanez, garai hartan, eta beranduago ere, ez zen pentsatzen hizkuntzak berez aldatzen direnik, beste hizkuntza bat(zu)en eraginez ("endekatzez") baizik. Horrela, López Maderarekin eta bere aldekoekin eztabaidan sartu zen.

Zentzu honetan, gaztelera latinetik datorrela baieztatzean, Aldrete Sacromonteko testuen kontra ere agertzen da. Baina, hala ere, Aldretek ez du esaten testu faltsuak direnik (heretikotzat hartua izateko arrisku larria baitzuen).

Eta, azkenean, aspaldi-aspalditik ziurtasun osoz faltsutzat hartzen ziren idazkiak iluminatu batek egiazkotzat hartu (PDF) eta orain Iruña-Veleiako aferarekin nahastu nahi dituzte.

Bibliografia osagarria:

  • Alarcos García, Emilio, 1934. “Una teoría acerca del origen del castellano”. Boletín de la Real Academia Española 21.209-228.
  • Aldrete, Bernardo de, 1606. Del origen, y principio de la lengua castellana o romance que oi se usa en España. Eroma.
  • Al-Qantara: Revista de estudios árabes, 23:2 eta 24:2 (2002-2003). Atal monografikoak: “En torno a los plomos del Sacromonte”.
  • Barrios, Manuel & Mercedes García Arenal (arg.), 2006.
    Los plomos del Sacromonte: invención y tesoro
    . Valentzia: Universitat de València.
  • Binotti, Lucía, 1995. La teoría del “Castellano Primitivo”: Nacionalismo y reflexión linguística en el Renacimiento español. Münster: Nodus.
  • Caro Baroja, Julio, 1991, Las falsificaciones de la Historia (en relación con la de España). Bartzelona: Círculo de Lectores.
  • Godoy Alcántara, José, 1868. Historia crítica de los falsos cronicones. Madril: M. Rivadeneyra. Berrargit. faksim. Granada: Univ. de Granada, 1999.
  • Lliteras, Margarita, 2002. “La recuperación de la gramática española en el siglo XVII: del uso conflictivo al uso de razón o propiedad castellana”, in M. Á. Esparza Torres, B. Fernández Salgado & H.-J. Niederehe (arg.), SEHL 2001. Estudios de Historiografía Lingüística. Actas del III Congreso Internacional de la Sociedad Española de Historiografía Lingüística. Vigo, 7-10 de febrero de 2001. Hamburgo: H. Buske, 293-305.
  • López Madera, Gregorio, 1601. Historia y discursos de la certidumbre de las reliquias, láminas y prophecías descubiertos en el Monte santo y Iglesia de Granada, desde el año de mil y quinientos y ochenta y ocho hasta el de mil y quinientos noventa y ocho. Granada.
  • Martínez Alcalde, Mª José, 1992. Las ideas lingüísticas de Gregorio Mayans. Valentzia: Ayuntamiento de Oliva.
  • Mayans y Siscar, Gregorio, 1737. “Orígenes de la lengua española compuestos por diversos autores”. Berrargit. in Obras Completas. Valentzia: Publicaciones del Ayuntamiento de Oliva, 1984, 312-419. Interneten ere eskuragarria: <http://193.144.125.24/mayans/OC-0210.htm>.
Kategoria: Euskararen_historia, Filologia, Hizkuntzalaritza, Xelebreak. Gorde lotura.

8 erantzun “Gaztelania primitiboaren” teoria-ri

  1. egilea: Pruden Gartzia

    Eskerrik asko, Ricardo, hiruzpalau egunetan era horretako laburpen bikain bat eskaintzeagatik. Ziur nago euskaldun askok eskertuko dutela gainera horrelako azalpen jantziak eta zehatzak irakurtzeko aukera izatea.

  2. egilea: Anonimoa

    Mila esker, Pruden. Tamalez, ez dut uste balioko duenik gure hedabideetan-eta iluminatuei leku gehiegizkoa ematen jarrai dezaten.

  3. egilea: Ibai O.

    Mila esker Ricardo. Nik, proposamen bat.

    Fonética Histórica Vasca: ERABILERA GIDA

    1) Eskuratu FHVren ale bat, ahalik eta edizio berriena. Berriak osoagoak dira, gehigarriekin eta.
    2) Liburukia bi eskuekin hartu, eta sorbalden gainetik altxatu.
    3) FHVren azala edo kontrazala solaskidearen buruaren kontra astindu, fuerte. Behin.
    4) Galdetu: “Ta orain, entenditu al duk, babua?” Erantzuna “ez” baldin bada, errepikatu 2 eta 3.

  4. egilea: Pruden Gartzia

    Nik beste proposamen bat egingo diot Ibai O.-ri: bere mezua erretiratzeko eta barkazioa eskatzeko.

    Ondoren, bere iritzia eman dezala, nahi bezain luze eta zabal, baina gizalegeari eutsiz.

  5. egilea: Jurtzixabi

    Galdera xume batzuk: Veleia afera dela-eta hor bazterretan irakurtzen ditugun babokeriek ez ote dute erakusten zenbateko amildegia dagoen adituek euskararen iraganari buruz dakitenaren (iluntasunak eta hutsuneak gorabehera, ez da gutxi) eta gizartean oso zabalduta dagoen “opinio recepta”ren artean? Ez ote du huts egin dibulgazio-lanak? Dibulgazio-lanik egon bada, noski. Adibidez, Trask-en liburua (A History of Basque) zergatik ez da itzulia izan, ez euskarara, ez gaztelaniara? Eta ez ote dago adina materialik euskararen historia bati (edo “historiaren zirriborro” bati) ekiteko, alderdi linguistikoak nahiz soziolinguistikoak aintzat harturik? Ondo dago iluminatuez trufa egitea, baina igual euskal filologia bolizko dorretxe batean sartuta egon da eta “iluminatu”ei joko-zelaia libre utzi zaie han suelto ibili daitezen. Begibistako arrazoiak direla-medio, ez ahaztu beste hizkuntza askotan adituei ez beste inori interesatzen zaienak beti jakin-min handia pizten duela gure artean: horren lekuko dira K. Zuazoren hainbat dibulgazio-lan, argitalatexean agortu direnak. Pentsaezina izango litzateke gaztelaniaren dialektologiaren gaineko liburu batek hainbesteko arrakasta izatea, ordea! Ongi esanak ongi hartu eta gaizki esanak…

  6. egilea: Anonimoa

    Jurtzixabi: Galdera guztiak ez dira hain xumeak, baina saiatuko naiz guztiei (eta galdera ez diren batzuei ere) erantzuna ematen:1) "Veleia afera dela-eta […] "opinio recepta"ren artean?": Batetik, ez dut uste afera honetan gizartean "opinio recepta" bakar bat dagoenik; besterik da iritzi bakoitzaren aldekoek eta kontrakoek zenbateko zarata egiten duten. Bestetik, bakoitzak bere "adituak" aukeratzeko eskubidea du eta, bistan da, afera honetan ere hautu desberdinak egon dira.2) "Ez ote du huts egin dibulgazio-lanak?": Baliteke; nire ustez, dibulgazio-lan gehiago egin beharko litzateke euskal filologiaren alorrean, baina dibulgazio-lan ona egitea ez da batere erraza eta gure arlo honetan gutxi gara eta beti lanez gainezka, presa edota lehentasun handiagoa duten lanetan sartuta, dibulgazio-lan onak eskatzen duen denbora eta lasaitasuna hartu ezinik. Ez da aitzakia bat, egoera baten deskribapena baizik.3) "Adibidez, Trask-en liburua (A History of Basque) zergatik ez da itzulia izan, ez euskarara, ez gaztelaniara?": Ez dakit. Dena dela, Trasken liburu hori unibertsitate-eskuliburu bat dela esango nuke, dibulgazio-lan bezala baliagarri gerta baliteke ere.4) "Eta ez ote dago […] aintzat harturik?": Alderdi batzuetan bai, beste batzuetan ez, segurki. Nolanahi ere den, hor dago Núñez Astrainen El euskera arcaico (Txalaparta, 2003) dibulgazio-lan bikaina. Gainera, liburua sarean dago denon eskura, best-seller izatera iristeko aukerak murriztuta ere (nik dakidala, gure artean Interneteko deskargak ez baitira oraindik halako estatistiketan aintzat hartzen).5) Iluminatuak suelto badabiltza, ez dakit guztiz "adituen" erantzukizuna den. Zer esan, adibidez, haien lanak ateratzen dituzten argitaletxeei buruz? Haien esanak sarri eta luze hedatzen dituzten hedabideei buruz? Haien iritziak interes garbiengatik bere egiten dituzte talde politikoei buruz? Lehenago esan dudan bezala, bakoitzak bere "adituak" aukeratu ditzake, eta arrazoiak askotarikoak izan daitezke, jakina.Beharbada batzuek, dibulgazio-lana eskainita ere (hor dago Núñez Astrainen aipatu liburua), gustatzen zaien ondoriorik ez badago, ezikusiarena egiten dute eta Ribero-Meneses bezalako guruei jarraitu nahiago dute.

  7. egilea: Jurtzixabi

    Ricardo: Ez gaizki hartu nik esanak. Ongitxo badakit euskararen alorrean bildu beharreko uzta ikaragarria dela eta langileak gutxi, eta ez bakarrik filologiari dagokionez. Núñez Astrainen liburuan pentsatu nuen, baina zerbait orokorrago nahi nuke. Euskara ikaslea naizenez gero, ikasle asko galdezka hurreratu izan zait, eta pertsona ikasiak baina ez adituak direla aintzat hartuta haien jakin-mina hainbat bidez asetzen saiatu izan naiz. Mitxelenaren liburuxka zaharrak (“La lengua vasca”) mesede ederrak egin dizkit, bide batez esanda.

    Jendartean dabilen “opinio recepta” aipatu nuenean ez nintzen Veleiakoari buruz ari, baizik eta euskarari berari buruz. Hamaikatxo aldiz galdetu izan didate ea egia ote den euskararen “jatorria” Kaukason -edo Rif aldean, berdin dio- aurkitzen dela, edota euskara ikasita Santimamiñe edo Ekainen bizi zirenen pentsakera hobeto uler daitekeela. Bestalde, Bilbon edo Gasteizen noizbait euskaraz egiten zela jakitean, edo Lazarragarenaren berri edukitzean, euren harridura erakutsiko dizute, kontu jakina baita Bilbon eta Gasteizen ez dela “sekula” euskararik egin, edota euskara soilik baserritarren hizkuntza izan dela “betidanik”, eta gainera Sabino azaldu arte ez zela euskaraz idazten. Pertsona beroriek oso ondo dakite, ordea, gaztelania edo errumaniera hizkuntza erromanikoak direla, eta gaztelaniazko lehen idazlea Gonzalo de Berceo izan zela…

    Eta kontua aipatu duzunez, uste dut kargudunen eta zenbait “kultur-eragile”ren jarrera penagarria dela: papanatismoaren eta interes ezkutuen artean gabiltza frankotan. Adibide gisa, ondorio “politiko”rik gabe, hori bai, orain duela gutxi Madrilgo “Matadero” zentroan egindako erakusketa daukagu, Alexandriako uretatik ateratako hainbat piezarekin. Madrilgo erakunde ofizialek zabaldutako informazioan -baita erakusketa bertan ere- kutsu misteriotsua ematen zitzaion denari: egiptoarrak tartean direlarik denak misteriotsua izan behar, noski. Aldi berean, estatuak lehorreratu zituen morroiaren intuizio jeniala goraipatzen zen, Schliemann berpiztua balitz bezala. Bada, hainbat lurrikara eta lubizi zirela-medio ptolomeotarren jauregi zaharraren hondakinak urpean zeudela kontu jakina zen aspaldiko partez arkeologoen artean: E.M. Foster idazleak zegoeneko aipatu zuen “Alexandria: A guide” liburu ederran (1914 inguruan!), eta “Alexandriako Kuartetoa”n ere behin baino gehiagotan aipatzen da. Argitaletxeei dagokienez, nire irakaslea izan zen On Javier de Hozek -agian, inoiz izan dudan irakaslerik onena- protesta bortitza egin zuen Complutensekoak Jorge Alonsoren liburu lotsagarri bat argitaratu zuenean, baina ez zuen ezertarako balio izan, bistan denez.
    Hala ere, berriro diot: ongi esanak ongi hartu, eta gaizki esanak…

  8. egilea: Anonimoa

    Ongi esanak izan dira denak, Jurtzixabi, ez nuen gaizki hartu.
    Bide batez, aipatzen duzun Mitxelenaren La lengua vasca ere oso lan ona da. Gaur egun, jakina, puntu askotan zaharkituta geratu da ezinbestez, baina abiapuntu egokia izan daiteke oraindik.
    De Hozen protesta (eta haren arrakastarik eza ere, tamalez) ezagutzen nuen. Egoeraren adibide argigarria iruditzen zait.

Erantzunak itxita daude.