Hizkuntzalaritza ikastaroa UEUn

Udako Euskal Unibertsitateak Hizkuntzalaritzari buruzko ikastaro bat antolatu du aurten, Aritz Irurtzunen ardurapean: “Giza hizkuntzaren natura”. Ikastaroa Biarritzen izango da, uztailaren 4tik 8ra. Hona haren aukezpena:

Helburua giza hizkuntzaren azterketa zientifikoaren aurkezpen bat egitea da eta horrekin batera, azken urteotan hizkuntzalaritzaren zenbait arlotan egin eta egiten ari diren urrats nagusiak aurkeztea. Horrela bada, ikastaro honetan sarrera edo oinarrizko ikasgaiekin batera, ikasgai espezifikoak ere izango ditugu non arlo batzuetako adituek azken urteotako gai konkretu batzuen ikerketaren berri emango duten. Ikastaroak osotasuna eta egungo hizkuntzalaritzaren orotariko ikuspegia izan dezan, hizkuntzaren alderdi nagusiak jorratuko ditugu (sintaxia, semantika, fonologia, psikolinguistika…), Gramatika Unibertsalaren hipotesia aztertuz eta euskararen berezitasunak azpimarratuz. Ikastaro hauekin batera, azken urteotan hizkuntzalaritzaren arloan puri-purian dagoen giza hizkuntzaren eboluzioaren eztabaida ere aurkeztuko da; hau da, nola izan daitekeen gizakiok beste animaliengandik banatzen gaituen gaitasun nagusi honen agerrera, zerk ahalbidetu zuen eta nola gertatu zatekeen.

Irakasle hauek parte hartuko dute: Beatriz Fernandez eta Pablo Albizu (EHU), Mikel Santesteban (UB), Urtzi Etxeberria (EHU), Aritz Irurtzun (EHU) eta Rikardo Etxepare (IKER-CNRS)
UEUren webguneak ez du oraindik ikastaro bakoitzari buruzko informazio xeherik, baina laster jarriko dutela iragarri dute.
Eguneratzea (maiatzak 12, 15:10): Patxi Gaztelumendiren iruzkinari esker jakin dut UEUk webgune berezia jarri duela udako ikastaroetarako (eskerrik asko, Patxi). Hortaz, “Giza hizkuntzaren natura” ikastaroari buruzko informazio xehea bertan aurkitu ahal da, baita diptiko monografikoa jaitsi ere.

Kategoria: Bloggerrekoak, Hizkuntzalaritza, Unibertsitatea/Irakaskuntza. Gorde lotura.

2 erantzun Hizkuntzalaritza ikastaroa UEUn-ri

  1. Zuk aipatzen duzun ikastaro horrek, badu gunetxo bat Interneten. Izan be, aspaldi honetan ikastaroetako propio gune berri bat sortu du UEUk. ikastaroak.ueu.org horretan topatuko dituzu argitasun guztiak. Hizkuntzalaritza: http://ikastaroak.ueu.org/ikastaro_info2.php?ikastaroa_id=3Udan ikasteko aukera dago asko dago, egia esan.

  2. egilea: Ricardo Gómez

    Eskerrik asko, Patxi. Banekien lehenago edo geroago informazio hori eskegiko zutela, baina UEUren webgune nagusian ez nuen inon ere halako loturarik aurkitzen (oraindik ere ez dut aurkitu; zure iruzkinagatik ez balitz…).Ikusi ahal duzunez, mezua eguneratu dut.Laster arte,

Erantzunak itxita daude.